Etorkizuneko Usurbil marraztera goaz”, hauxe irailetik aurrera sarritan entzungo dugun aldarria. Gogoan izan baita, sigla hauek: HAPO. Uda ostean ezaguna egingo zaizue HAPO edo Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Udalak plan hau herritarrekin batera diseinatu edo marraztu nahi du, abian jarriko duen “Usurbil, oraina da geroa” izeneko parte hartze prozesu berri baten bidez. Egitasmo honen erronka potoloa da; Udala eta herritarrak, elkarlanean, nahi dugun etorkizuneko Usurbil diseinatzea.
“Herriko arazo eta aukerak aztertuko ditugu eta denon artean etorkizunean nolako herria nahi dugun erabakiko dugu. Udaletik gonbitea luzatzen da prozesuan parte hartzeko”, adierazi dute Udaletik.
Hainbat bilera egingo dira irailetik aurrera. Gaika eta auzoka antolatu dute parte hartze prozesuko hitzordu sorta. “Hasteko, herria ondorengo eremutan aztertuko dugu: Lurralde antolaketa; Jarduera ekonomikoak, komertzioak eta nekazaritza; Ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegiturak eta Mugikortasuna eta ingurugiroa. Gai bakoitzarekin lan saio bat egingo da, bina bilera”, Udaletik diotenez.
Auzoak eta ikasleak ere partaide
Horri auzoz auzoko bilera erronda gehitu behar. Bere izaera eta behar propioak dituztenez, Aginagan eta Zubietan bina bilera egingo dira. Kalezar, Santuenea eta Urdaiaga auzoetako ikuspegiak ere kontuan hartuko dira, eta ikuspegiok, Kaxkoan deituko diren lau bileretan lantzekoak dira. Herriguneko bi bilera euskaraz izango dira, eta beste biak erdaraz.
Helduak, haur eta gaztetxoak ere inplikatuko ditu parte hartze prozesuak. “6-16 urte bitarteko gaztetxoekin ere bilerak egingo dira eskolan euren ikuspegia eta ekarpenak jasotzeko”, adierazi dute Udaletik.
Talde eragile batek bideratuko du guztia. Parte hartze prozesuko metodologia garatu eta dinamizatzeko aurrez Usurbilen egin izan diren beste parte hartze prozesuetako bideratzaile Nicola Foroni aholkularia kontratatu du Udalak, eta jarraipen teknikoa egiteko Jone Miner arkitektua. Lan taldea prest da, lanean ari da irailetik aurrera datorrena prestatzen. Zehaztasun gehiago, uda osteko lehen NOAUA!n, irailaren 5eko 583. astekarian.
Aurrera begirako bide-orria
Udalerri honen etorkizuneko erronkei aurre egiteko, datorren Usurbil gauzatu ahal izateko landuko du Udalak herritarrekin batera, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Irailean abiatuko den parte hartze prozesuaren bidez, aurretik zegoen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra eguneratu nahi da, “egungo egoera sozial, ekonomiko eta demografikoak” hala egitea eskatzen du eta, Udalaren esanetan.
Erronkei aurre egiteko
Garrantzia handiko plan batez ari gara. Udaletik diotenez, “Hiria Antolatzeko Planak (HAPO) hiriaren eta nekazaritza eremuaren egoera eta gure bizimodua azterturik etorkizuneko erronkei aurre egiteko balioko du, hirigintza teknika egokien bitartez. Hala, udalerrian lurzoruaren erabilerak eta eraikigarritasunak, eta gauzatu daitezkeen erabilera eta jarduerak zehazten ditu, besteak beste. Ondorioz, zuzeneko eragina du udalerriaren eraldaketan, garapen ekonomikoan eta, beraz, baita herritarren bizimoduan ere.
Herriko lurrek izango duten erabilera ezberdinak definitzen ditu. Natura babesteko eremuak, industriaguneak, etxebizitza, mugikortasuna, jarduera ekonomiko eta sozialak, ekipamenduak eta ondare historiko eta kulturalari dagokionean beharrezkoak diren neurriak zehaztu eta programatzen ditu, etorkizunean nahi dugun Usurbil aurrera eraman ahal izateko”.