Kutxa-Ekoguneak eta Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak hitzarmen bat sinatu dute, materia organikoaren bilketaren eraginez lortzen den konposta ongarri natural bezala erabiltzeko Baratze Parke Sarea osatzen duten 668 baratze ekologikoetan.
Hitzarmen honen ondorioz Baratze Parkea Sarearen erabiltzaileek lurzorua mimatzeko eta barazkiak elikatzeko behar adina konpost izango dute eskura, eta bide batez, hondakin organikoen zikloari itxiera emango zaio, sukaldetako hondakinak berriz ere sukaldetara itzuliz, barazki gozoen itxurapean baina.
Hitzarmen honen helburuak, Mikel Insaustik, Kutxa-Ekoguneko zuzendariak, laburbildu ditu: Gipuzkoan sortzen den konpostaren balioa, erabilpena eta merkaturatzea sustatzea, Ekogunearen Baratze Parke Sarearen baratze ekologikoetan konposta ongarri gisa erabiltzea eta lurzoruaren emankortasunaren esparruan jardunbide iraunkorragoak sustatzea, herritarrek produktuaren balio eta kalitatearen inguruan kontzientzia hartzeko.
Hitzarmenak ere jasotzen du GHK-k finantzatuko dituela Ekoguneak antolatu dituen ikastaroak, konpostak nekazaritza ekologikoan ongarri gisa duen potentziala azaltzeko helburu dutenak. Ikastaro hauek 2014ko maiatza-abendua epean egingo dira eta baratzeetako erabiltzaileek ez ezik, gaiarekin interesa duen orok eman dezake izena.
Baratze Parke Sarean Gipuzkoako 7 udalerrik hartzen du parte (Hernani, Alegia, Lezo, Errenteria, Usurbil, Tolosa, eta Zegamako udalak) eta laster Azpeitia eta Zumaia gehituko dira sarera, estatu mailako baratze sare handiena osatuz. 800 erabiltzaileen muga gaindituko du datorren urtean eta kontsumo propiorako diren lur-sail ekologikoen40.000 m2 –ko hedadura dauka.
Ainhoa Intxaurrandietak, GHK-ren lehendakariak, bere aldetik aipatu du hondakin organikoarekin konposta egitea, birziklatzearen eremuan sartzen dela eta Europako Hondakinen Kudeaketarako Hierarkiaren arabera horrela jokatu behar dela gogorarazi du, gure etxe eta industriaguneetan sortzen den materia organikoarekin.
Konposta eginez zabortegietara bidaltzen den hondakin kopurua %30 murriztea lortu dela esan du Ainhoak eta honek birziklatze maila %40ra heltzeko aukera eman du, 2016ean lortu behar den %60ko birziklatze mailatik gertuago jartzen gaituena.
Gipuzkoan sortzen ari den konposta kalitate handikoa da, A+ kalitatekoa, gure etxeetan oso ondo bereizten ari garen seinale. Kalitate handi honi esker, Gipuzkoako Konposta baratze ekologikoetan ere erabil daiteke, Ekogunearekin sinatuko den hitzarmen honek erakusten duen bezala.
Hondakin organikoak konpost bilakatzea naturarekin erlazio berezia eraikitzea da eta jendarte bezala harro sentiarazi behar gaitu. Ildo honetatik, produktua balorean jarri eta bere erabilera sustatzea guztion egitekoa da, onurak gizarte osoarentzat izango baitira.
Iturria: Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak.