Aitzaga libre uzteko eskatu dute hainbat lagunek

Noaua Aldizkaria 2014ko uzt. 30a, 20:53

Gaur arratsaldean Auzitegi Nazionalaren erabakia jakin eta berehala, elkarretaratze deiak egin dira herri askotan. Usurbilen, lagun asko batu dira Mikel Laboa plazan. "Aski da, epaiketa politikorik ez. Aitzaga libre" zioen Sortuko kideek zabaldu duten pankartak.

Espainiko Auzitegi Nazionalak erakunde terroristarekin kolaboratzea edo parte hartzea egotzita, hogei lagun zigortu ditu espetxera, herriko tabernen bidez ETA finantzatu zutelakoan. Tartean dira Batasunako zortzi mahaikide, eta zigor gogorrenak horientzat ezarri dituzte epaileek.

Espetxe zigorrez gain, Auzitegi Nazionalak 111 herriko taberna konfiskatzeko agindu du, eta horien jabetza estatuarena izatera pasako da. Epaia betetzen denean, Gorenak helegitea aintzat hartzen ez badu, 111 lokal horien jabetza galduko du ezker abertzaleak, eta horrekin herri askotan biltokirik gabe geratuko da.