Atxegaldeko festak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 25a, 12:23


Udako oporrak amaitu edo amaitzear izan arren, jai giroak ez du etenik inguruotan. Zubietako Santio eta Urdaiagako Xanixtebanen ostean, Atxegaldekoen txanda orain. 4 egun besterik ez, auzoko festei ekiteko. Datorren asteburuan, abuztuaren 29tik 31ra, festa jaun eta jabe, Atxegaldeko plazaren bueltan. Egunotan egokituko dute Jai Batzordeko kideek, festarako beharrezko azpiegitura osoa; txozna, karpa gune edo kontzertuen oholtza. Mugimendua izango da beraz ostiral arratsaldeko kalejira eta jaien hasierako txupinazo aurretik. 

Zenbait berrikuntza, aurtengo egitarauan nabarmentzekoen artean; bereziki jaietako azken egunean, igandean. Haur eta helduei zuzendua egongo den toka txapelketa banarekin esnatuko da azken festa eguna. Aurreko urteetan ospatu izan den aizkolari txapelketa ordezkatuko dute. Eta arratsalde parterako, body combat saioa. Prestatu dantzarako. Eta gero dantzan segi eta azken traka piztu arterainoko bidea egiten laguntzeko, erromeria Imuntzo eta Belokirekin. 48 orduko jaien amaierarako eskaintza indartu du Jai Batzordeak aurtengoan. Baina ostiral arratsaldetik igandera, izango da Atxegaldera gerturatzeko aitzakia gehiago ere; kontzertuak, haurren eguna larunbatean edota harrera ezin hobea izan ohi duen afari musikatua. 

"Ongi etorri Ibizara" aldarripean ospatuko da aurtengo herri afaria. Aurreko urteetan bezala, oraingoan festa ibizar ukitua izango duen otordura egoki jantzita agertzera deitzen dute. Animatzen denak badaki, arropa zuria prestatzen joan dadila. Abuztuaren 30an, 21:00etatik aurrera ospatuko den afari musikaturako txartelak aurrez erosi behar dira. Salgai daude Irrati eta Artzabal tabernetan, baita Atxegaldeko Alkorta saltokian ere, 15 eurotan. Atxegaldeko jaietan ezagunak diren herritarrek girotuko dute musikalki aurten ere, auzoko plaza nagusiko karpa azpian ospatu ohi den otordua; Josune Aranburu eta Ixak Arruti ama semeek. 

Hona hemen, 2014ko Atxegaldeko festetako egitarau osoa. Hasi prestatzen: 

Abuztuak 29, Australia
17:30 Herri poteoa Jaixkipe txarangarekin.
20:00 Txupinazoa eta txoznaren irekiera.
Jarraian, luntx mundiala eta buruhandiak.
23:00 Kontzertu gaua: Juanantzoneko Okupak, Izeberg, Skasti, Ingo al deu?

Abuztuak 30, larunbata
11:00 Umeentzako jokoak eta opari banaketa.
14:00 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarria. Edaria eta postrea Jai Batzordearen eskutik).
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea, 20 euro bikoteko). Sariak:
1. saria: txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta 2 txanpain botila.
2. saria: kopak, lau untxi, mariskada eta 2 txanpain botila.
3. saria: kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4. saria: kopak, kostilla eta bi txanpain botila.

17:30 Antzerki sorpresa haurrentzat.
Ondoren txokolate-jana eta buruhandiak.
21:00 Afari musikatua, Josune Aranburu eta Ixak Arrutirekin: "Ongi etorri Ibizara!: animatu arropa txuriz jantzita etortzera". Txartelak aurrez salgai 15 eurotan, Irratin, Artzabalen eta Atxegaldeko Alkorta saltokian. Prezioa: 15 euro. Menua: pasta entsalada, oilaskoa euskaldun saltsan eta fruta mazedonia.
Ondoren, Zesuma eta Dj Gude.

Abuztuak 31, igandea
11:30 Umeentzako toka txapelketa. 
12:30 Helduentzako toka txapelketa. Inskripzioa 3 euro, lehen saria 100 euro. 
Jarraian, salda eta pintxo banaketa, Alkorta Autozerbitzuaren eskutik.
17:00 Body Combat saioa.
18:00 Patata tortilla lehiaketa.
19:30 Erromeria Imuntzo ta Belokirekin.
22:30 Azken traka.