55 urtetik gorako herritarrei zuzenduriko hezkuntza eskaintza ezagunean izen emateko Gizarte Zerbitzuetara gerturatu behar da, edo telefono zenbaki honetara deitu, aipatu moduan, irailaren 10a baino lehen; 943 377 110.
Esperientzia Eskola
"Usurbilgo Esperientzia Eskola 55 urtetik gorako Usurbilgo herritarrek, lan mundua utzi ostean, esperientziak landu, elkar-trukatu eta ezagutza berriak eurenganatzeko proiektua da. Partaideen garapen pertsonala sustatzea du helburu, ikuspegi fisiko, psikiko eta sozial batetik. Bide bertsutik, taldeak herri-mailan eta gizartean eragiteko duen ahalmena ere lantzen da; hau guztia errealitate soziala aztertzeko eta interpretatzeko bitartekoak emanaz. Proiektu honen bitartez ikasketa prozesuan aurrera egitea eta elkarbizitzarako pausuak eman nahi dira. Horrela, konpetentzia hauek guztiak sendotzeko egokitzat ematen diren estrategia metodologiko ezberdinak prozesu osoaren ardatz finkatu dira. Formazio eredu hau hausnarketan oinarritzen den prozesu aktibo eta parte-hartzailea da. Bestela esanda, hausnarketatik eratortzen den ikaste-prozesua da, eta zentzu honetan, partaideen garapen edo ikaskuntza horretan ateratako probetxua esanguratsua eta luzarokoa izan dadin, irakasleen arreta profesionalaz osatutako Esperientzia Eskola atondu da.
Usurbilgo Esperientzia Eskolak, finean, formazio eredu berri batean kokatzen gaitu: partaideen ikasketa eta esperientzia propioa lantzea helburu izanda, bai hausnarketan eta baita bizitza osoan zeharreko praktika errealetan oinarritzen den formazio eredu parte-hartzaile ere bihurtu da. Azken urteotan, Hezkuntzaren etapa guztietan egin diren erreformetan konpetentziak garatzeko beharra azpimarratu da; hauek pertsonen garapenerako erabat funtsezkoak dira, bai maila indibidualean eta baita herritar gisa ere.
Zentzu honetan, Matia Fundazioak proiektu bati eman zion hasiera 1998ko maiatzean. Behin erretiroa hartzen den unetik, pertsona helduak egoera onean mantentzea eta norberaren gaitasunak garatzea helburutzat duen ekimena, hain zuzen ere. Bizi-kalitatearen hobetzea eta parte-hartzea bultzatzea lirateke oso kontuan izan beharreko bi hitz gak0.
Horren harira, 1999an ikerketa soziologiko bat eskatu zitzaion Elzo irakasleari. Ikerketa hori Gipuzkoako 55-75 urte bitarteko 1.007 pertsona helduri zuzendu zitzaien, eta euren lehentasun, joera eta zaletasunak aztertu ziren, besteak-beste. Ikerketa horretatik eratorritako emaitzekin, urte berean, proiektu berri bati eman zitzaion hasiera: “Zabaltzen” zeritzana.
Eta jatorri horretatik abiatu zen, estreinekoz, Esperientzia Eskolaren proiektua: pertsona helduen bizitza kontzeptuan eta hauek gizartean izan dezakaten parte-hartzean sustrai indartsuak errotuz.
Partaideen lehentasunen arabera guztiz egokitutako esperientzia eredua eskaintzen du Usurbilgo Esperientzia Eskolak. Prestakuntza-proiektu hau ezagutzaren alderdi praktikoan, integrazioan eta parte-hartze sozialean dago oinarrituta. Hala, ikasturtea iraila eta ekaina bitartean luzatzen da, eta astean bi orduko saio solteak antolatzen dira. Gai-zerrenda oso zabala lantzen dute partaideek: erlaxazioa, komunikazioa, informatika, musika, literatura, landare-zaintza eta abar luze bat. Hau guztia oso modu ireki eta parte-hartzailean burutzen da, eta partaideek ez dute inolaz ere aurretiazko esperientzia edo ezagutzarik erakutsi behar. Zentzu honetan, taldeak berak ezartzen du edukiak lantzeko intentsitate eta abiadura.
Bide beretik, Usurbilgo herri onurarako aplikazio erabat praktikoa duen proiektu bat lantzen da ikasturtean zehar. Areago, Udalak dagoeneko martxan jarriak dituen zeinbait jardueraren jatorri izan dira Usurbilgo Esperientzia Eskolan landutako proiektuetatik eratorritako ondorioak", berri eman dute Esperientzia Eskolatik.