Ford Mugarri Arrasate taldekoen aurka arituko dira usurbildarrak, ostiral arratsaldeko 19:00etatik aurrera Oiardo Kiroldegian. Lehen nazional mailara igo ostean jokatuko duten lehen neurketa izango da abuztuaren 29koa. Euskal Kopari dagokiona. Sarrera doakoa izango da.
Senior mutilen taldeak denboraldi berri honetan 1. nazional mailan jokatuko dituen LIGAko partidak ikusteko ordea, sarrera ordaindu beharko da aurrerantzean; 5 euro partida bakoitzeko. Usurbil Kirol Elkarteko bazkideek doan izango dute, baita taldeak kanpoan jokatu duen neurketetara joateko aukera ere. Urteroko kuota bat ere finkatu du Usurbil Kirol Elkarteak, 30 eurokoa.
Eskubaloi taldeen bilguneko bazkidetza egiteak eskainiko dituen abantailen berri emateko kanpaina abiatzekoak dira. Ostiral honetan bertan, abuztuaren 29an, senior mutilen taldeak Kiroldegian jokatuko duen denboraldiko lehen neurketa baliatuko du horretarako Usurbil Kirol Elkarteak. 18:00etatik aurrera, Oiardon izango dira, interesdun orori bazkidetza egiteak dakartzan abantailen berri emateko prest. Ohar bat baita, jada bazkide zaretenontzat: "orain arte bazkide denak, zein bazkide berriek, bazkidetza berretsi behar dute. Kiroldegian egongo garen egun horietan sakonago azalduko dugu dena", adierazi dute eskubaloi taldeen bilgunetik. Ostiral honetan abiatuko dute kanpaina Kiroldegian. Aurrerago, egun gehiagotan ere bertan izango dira Usurbil Kirol Elkarteko ordezkariak.
Batzarra irailaren 6an
Goizeko 11:00etan hasita, Sutegin. Aurreko kirol denboraldiko balantzea, datorrenaren inguruko aurreikuspenak, Zuzendaritza Batzordearen egitura aurkezpena... Hauek eta beste kontu batzuk aztertu nahi ditu Usurbil Kirol Elkarteak irailaren 6rako deitu duen batzarrean:
Gai zerrenda:
1-Lehendakariaren agurra.
2-2013/2014 denboraldiaren kirol balantzearen aurkezpena.
3-2014/2015 denboraldiaren kirol aurreikuspenen aurkezpena.
4-Zuzendaritza Batzordearen egituraren aurkezpena.
5-Zuzendaritza Batzordearen proposamenak:
-Jokalari kuoten igoera onartzea, egoki bada.
-Bazkide kuoten igoera onartzea, egoki bada.
-12.000€-ko kredito linea hitzartzeko Zuzendaritza Batzordea ahalmentzea, egoki bada.
6-Galdera-eskaerak.
Laburbilduz, honatx Usurbil Kirol Elkarteak kirol denboraldi berria abiatzeko deitu dituen lehen hitzorduak:
Abuztuak 29, ostirala
18:00 Bazkidetza kanpainaren abiatzea Kiroldegian.
19:00 Senior mutilak 1. nazionala, Euskal Kopa: Ucin Aluminio Usurbil-Ford Mugarri Arrasate...
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Irailak 6, larunbata
11:00 Usurbil Kirol Elkartearen batzarra Sutegin.