Uda honetan bertan amaitu dituzte lanak. Hormigoiez egokitu dute aipatu herri bidea, Ingemar paretik Atalluko eremua amaitu arte. 150.303,53 euroko aurrekontua zuten lanek. Gastuaren %87a bere gain hartuko du Ur Konfederazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Usurbilgo Udalak, gainerako %13a. Lehendik bide horren bueltan egindako obren ondorioz, Zumarte, Santuene eta Atallu inguruetan ur zikinak Loiolako araztegira bideratzeko egin beharreko lanen eraginez, egoera txarrean zegoen herri bide hau. Udaletik berri eman dutenez, "Atalluko erriberan bertako sarea osatu zenetik, erriberako bidearen egoerak txarrera egin eta mantenu beharra areagotu egin zen. Herri bide hau egoki mantentze aldera eta ikusirik etorkizunean Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean jasota dagoela, Udalak, Ur Konfederazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bidea hormigoiez osatzea adostu zuen".