"Euskal Udaltzaingoaren erretirorako baldintzak Ertzaintzak dauzkanarekiko ekiparatzea eskatzen du, erretiro adinaren erregulazioan aldaketa bat eginda. Honetarako Erret Dekretu bat egin beharko litzateke euskal udaltzaingoari ere erretirorako adinean koefiziente murriztaile bat aplikatu ahal izateko". Hauxe, Usurbilgo Udaleko ELAko Atal Sindikalak mozio bidez udalbatzari luzaturiko eskaera; Europako herrialde gehienetan bezala, udaltzainen erretirorako baldintzak, Ertzaintzak 2009az geroztik dituenaren parekoak izatea. Ertzainek gaur egun, 60 urterekin aurrejubilatzeko eskubidea dute. Uztailaren 29an burutu zen osoko ohiko bilkuran aurkezturiko testuarekin udal talde guztiek bat egin zuten. Aho batez onartu zuten ELAko Atal Sindikalaren mozioa.
Honako hiru puntu hauetan jasoak daude, eskaera nagusiak:
1-Usurbilgo Udala, Gizarte Segurantzaren gaineko egungo legedia aldatzeko prozesua zabaltzearen alde azaltzen da, euskal udaltzainei aurre jubilatzeko koefiziente murriztaileak aplikatu ahal izateko, Ertzaintzak daukan baldintza berdinetan.
2-Usurbilgo Udalak, Eusko Legebiltzarrari agindu ematen dio, era berean Espainiako Gobernua premiatzeko Gizarte Segurantza gaietako egungo legediaren aldaketa prozesua hasi dezan euskal udaltzainei aurre jubilatzeko koefiziente murriztaileak aplikatu ahal izateko, Ertzaintzak daukan baldintza berdinetan.
3-Usurbilgo Udalak, euskal udalen elkarteei (EUDEL eta Udalbiltza) agindu ematen die ekintza honi babesa emateko eta ordua helduta berau aurrera eramateko datu eta dokumentuak eman ditzaten.
Duela bost urte Madrilgo Diputatuen Kongresuak, PSOE eta EAJ-PNV-k adosturiko akordioaren ostean, ordutik dute ertzainek 60 urterekin aurrejubilatzeko eskubidea. Akordio hark ordea, uztaila amaieran onarturiko mozioak jasotzen duenez, "ez zuen Euskal Udaltzaingoa kontutan hartu". Testu honen bidez, akordio hartako baldintzak udaltzainei ere aplikatzea eskatzen da. Udaleko ELAko Atal Sindikaletik ohartarazten dutenez, "Usurbilgo Udalaren kasuan, hurrengo 5 urteetan 2 udaltzain 55-59 urte artean egongo dira".
Gizarte Segurantzari loturiko legediak dioena betetzea eskatzen dute; "bereziki penagarriak, toxiko, arriskutsu eta osasunaren kalterako diren ogibideen eta heriotz tasa altuak dauzkaten ogibideei" koefiziente murriztaile hauek aplikatzea. Erretirorako baldintzak aldatzeak, testuak dioenez "enplegu sorrera garrantzitsua ekarriko luke, gazteei lan merkaturako sarrera ahalbidetuko lioke". Langileak gaztetu, langile aktiboagoei txanda eman, eta honenbestez, "herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea ekarriko luke".