AEB-tan kondenaturiko bost preso kubatar askatzeko deia udalbatzatik

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 26a, 13:43

1998ko irailean atzeman eta ordutik preso izan dituzten bost kubatar askea uztea eskatu zuen udalbatzak joan den uztailaren 29an burutu zen osoko ohiko bilkuran, EH Bilduk, "Euskadi-Cuba adiskidetasun eta elkartasun elkarteak, Komite Internazionalistak eta Askapena talde internazionalistek eta Euskal Herriko emigrazio kubatarrak osatutako "Desembarco del Granma" eta "Sierra Maestra-Euskadi" elkarteek eskatuta" aurkezturiko mozioa gehiengo osoz onartu ostean. PSE-EE, EAJ-PNV eta Hamaikabat taldeetako ordezkariak abstenitu ziren. 


Hona hitzez hitz, mozioak dioena:

Badira 50 urte baino gehiago Kubak justifika ezin daitekeen blokeoa pairatzen duela. Estatu Batuetako gobernu guztiek inposatutako blokeoak ondorio larriak eragiten ditu Kubatar herriaren ekonomian, baita bere eguneroko bizitzan ere. 

Estatu Batuek, blokeoa sostengatu ez ezik, Miamin kokatutako hainbat talde eta pertsonari babesa ere eskaini diete. Aipatutako batzuek kubatar herriaren kontrako ekintza terroristetan eta bestelako erasoetan parte hartu dute 3.500 inguru hildako eraginez. CIA-k datu hauek onartu eta baieztatu ditu desklasifikatutako zenbait dokumentutan zein ekintza horietan inplikaturiko pertsona horien adierazpen publikoetan.

Kubako gobernua, zilegia den aldetik, hainbat pertsona bidali zituen Miamira bere herritarrak eta ondasun publikoak babesteko. Xedea han bertan ekintza terroristak gertatu baino lehen ezagutu eta, hortaz, ekidin ahal izatea zen. Pertsona hauetatik bost: Gerardo Hernandez Nordelo, Ramon Labañino Salazar, Rene Gonzalez Schwerert, Fernando Gonzalez Llort eta Antonio Guerrero Rodriguez Miamin zeudela, informazio eta prebentzio misioan, Estatu Batuetako agintariek atzeman zituzten 1998ko irailean. Gobernu estatubatuarrak bere lurraldean nazio atzerritar baten alde lan egitea leporatu zien.

Espetxean 33 hilabete prebentzio gisan eta fidantzarik gabe pasa eta gero, 2001ean epaituak izan ziren. 15 urte eta betiko kartzela-zigorrak ezarri zizkieten espioitza eta erailketak egiteko konspirazioa leporatuta. Epaian ez zen defentsak adierazitako aringarri bat ere kontuan hartu; aitzitik, epaileak kasu bakoitzean fiskaltzak agerrarazi zituen astungarri oro aintzat hartu eta gehienezko zigorra ezarri zien. Horrez gain, esan beharra dago fiskaltzak ez zuela kargu horiek justifikatzen zuen frogarik aurkeztu.

Epaiketa hau Miamin egin zen kubatar-amerikarren elkarteen presiopean eta baita haien propaganda-kanpainapean ere. Halaber, auzipetuei ukatu egin zitzaien egoitza judiziala aldatzeko aukera. Bi kargu printzipalei dagokienez, hau da, erailketa gauzatzeko asmoa eta konspirazioa, batean zein bestean ezin izan zen deus ere frogatu. Espioitza kasuan, adibidez, ez zen egiaztatu akusatuek Estatu Batuetako gobernuarengandik inongo dokumentaziorik eskuratu zutenik; ulertzekoa dena, akusatuen misioa Hego Floridan dauden ustezko talde terroristei buruzko informazioa lortzea besterik ez baitzen.

Gorabeheren eta irregulartasunen ondorioz, Nazio Batuek duten Giza Eskubideetarako Komisioak, zeinek lantalde bat duen Atxiloketa Arbitrarioei buruzkoa, ondorioztatu zuen 2005eko maiatzaren 27an atxiloketak hasiera-hasieratik arbitrarioak izan zirela, erruduntzat hartzeko ez zirelako bete ez formaltasun legalak ez eta Estatu Batuetako legearen beraren jardunbidea.

Beste nazioetako agenteen atxiloketetan presoak elkartrukatzea da gobernuen ohitura eta prozedurak. Orain dela gutxi, Estatu Batuetako gobernuak errusiarren gobernurako lan egiteagatik espioitzat hartutako hainbat pertsona elkartrukatzea onartu du. Kasu honetan, Kubaren kontrako blokeoa eta bost pertsona hauek bidegabeki zigortzera eraman zituzten mobilizazio politikoek egoera honi irtenbide bat ematea eragozten dute. 15 urte baino gehiago pasatu dira Estatu Batuetako espetxe batean sartu zituztenetik. Munduko milioika gizon eta emakume, estatuetako presidente ohiak barne, intelektual ospetsuak, kultura gizonak, zientzialariak, kirolariak, mugimendu sozialak, sindikatuak... mintzatu dira injustizia honen bukaera eskatzeko.

Bostetako bat, Rene Gonzalez, Kuban bizi da jadanik, 13 urte baino gehiago kartzelan egon eta gero eta 2014. urteko otsailean Fernando Gonzalez kartzelatik irtengo da bere zigorra beteta. Baina beste hirurek 22 urte eta betiko kartzela zigor arteko zigorrak dituzte.

Arrazoi hauek direla kausa, Usurbilgo EH Bilduk udalbatzarrari proposatzen dio hurrengo akordioak har ditzan:
1-Estatu Batuetako presidenteari dei egiten nahi diogu bere betearazle ahalmena balia dezan egoera larri eta bidegabeko honi irtenbide bat emateko. Hau da, gobernu estatubatuarrari eskatu preso hauek kartzelatik atera ditzan: Gerardo Hernandez Nordelo, Ramon Labañino Salazar eta Antonio Guerrero Rodriguez hiritar kubatarrak, hain zuzen ere.
2-Akordio hauek bidaltzea Kubako enbaxada/kontsulatuari, Estatu Batuetako enbaxada/kontsulatuari, eta Kanpo-arazoetarako Ministerioari.