Mobilizazio eta mozio bana, palestinarren aurkako erasoaldia salatzeko

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 26a, 14:19



Beste behin, palestinarrek uda honetan jasandako Israelen erasoaldia salatu eta eurei elkartasuna adierazteko mobilizazioak izan dira nonahi. Ondoko irudian duzue, Mikel Laboa plazan burutu zena, joan den uztailaren 18an, "Palestina elkartasuna. Utzi bakean palestinar herria!" lemapean. Uztailaren 29an burutu zen osoko ohiko bilkuran ere eraginik izan zuen palestinarren aurkako erasoaldiak. Azken orduan, gai zerrendan aurreikusia ez zegoen arren, Gazako erasoaldia berehala geratzea eskatzeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk. Aho batez onartu zuen udalbatzak. 

Hemen hitzez hitz, udal talde guztien babesa jaso zuen testuak dioena:

Hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza tragikoaren ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari da burutzen Israelgo gobernua. Horren ondorioz ehunka lagun hil dira, gehienak zibilak, eta beste milaka zauritu dira. Bilakaera militarrak gora egin du, Israelek lurretik erasoari ekin ondoren, eta horrek operazio militar honen eragin suntsitzailea biderkatu egin du.

Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, munduko zonalde populatuenetariko baten kontrakoa, proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta nazioarteko legeriak dioen moduan guztiz arbuiatu behar da. 

Ezer konpontzetik urrun, erasook lortuko duten gauza bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da. Honez gain, gatazkarekin zerikusirik ez duten biktima ugari sortzen ari da... Horregatik EH Bilduk bortizkeria jarduera hau gelditzeko urgentziazko deia egiten du, eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko eta elkarrizketaren zein negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten dugu. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa ere.

Hainbat indar palestinarrek sustatutako batasun nazionaleko gobernua mehatxu gisa ulertu beharrean, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da, Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako. 

Nazio Batuek onartutako mugak dituen Estatu Palestinar bideragarri baten heriotza dakarren elkarrizketa eta negoziazio prozesu inklusibo batek soilik, jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta eskualdean etengabeko ezegonkortasuna eragin dituen gatazka hau.

Hori dela eta, Udal honek, zera exijitzen du:
-"Hesi babesgarria" izeneko operazio militarrari berehala bukaera ematea eskatzen diogu Israelgo gobernuari, horren ondotik su-eten orokorra indarrean jartzea, nazioarteko begiraleen bermearekin.
-Su-eten hori indartzeko bidean, hainbat konpromiso beharrezkoak dira: besteak beste Gazako blokeoa altxatzea eta oro har populazio zibilak pairatzen dituen beste zigor neurriekin bukatzea.
-Nazioarteko erakundeen esku hartzea eskatzen dugu, Nazio Batuetako ebazpenetan sustaturiko konponbidea sustatzeko.
-Estatu palestinarraren sorrera ahalbidetuko duen elkarrizketa inklusiboan sustaturiko negoziaketa prozesua da berme bakarra gatazka honek eragin duen sufrimendua amaitzeko, baita Ekialde Hurbileko eskualdeak pairatzen duen egonkortasun eza gainditzeko ere.