Joan den martxoaren 25ean hasierako onarpena eman eta 30 egunez jendaurrean egon zen artean, alegazio bakar bat aurkeztu zen. Alegazio hari erantzun, eta behin betiko onartu zen joan den uztailaren 29an burutu zen osoko ohiko bilkuran, hondakinak bildu eta tratatzeko zerbitzua arautzen duen udal ordenantza. Gehiengo osoz, EH Bilduren babesarekin. Aurka agertu ziren Hamaikabat eta PSE-EE. EAJ-PNV abstenitu zen.
Hobekuntzak ordenantza eraberrituan
Udal ordenantza hau, aipatu moduan, martxoa amaieran onartu zen hasieraz, atez ateko bilketa sistemak bost urte bete berri zituenean. Beste hainbeste urte ditu baita hondakinen bilketa eta tratamenduari loturiko udal ordenantzak. 2009az geroztik hainbat aldaketa puntual bideratu dituzten arren, aipatu araudiari "goitik beherako" errepasoa ematea erabaki zuen gobernu taldeak. Hainbat hobekuntza biltzen ditu dokumentu eraberrituak; hala nola, atez atekotik kanpo dauden gainerako hondakinen bilketari loturikoak. Orain arteko testuak ez bezala, euskara lehenetsiko du udal ordenantza honek. Arau hausteen atala ere egokitu du gobernu taldeak, "ordenantzan hobeto nola jaso ikusi da", isun kopurua dezente jaitsi dela nabaritu ostean. "Esperientziak gauzak hobetzeko balio izan digu", zioen ingurumen zinegotziak ordenantza hau hasieraz onartu zen martxoko osoko bilkuran. Udal ordenantza berria, gobernu taldearen esanetan, "egungoa baino hobea da".