Atxegaldeko plaza, jaietarako prestatzen

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 27a, 13:27


Nabari da bai ate joka ditugula Atxegaldeko festak. Asteburuan hainbat emanaldiren babesleku lanak egingo dituen oholtza jarri dute jada udal langileek. Afari musikatu, patata tortilla eta mus txapelketa, edo beste zenbait hitzorduren gune izango den karpa ere eraikitzen hasiak ziren goizean, Jai Batzordeko kideak. Eta txosna ere atontzen, margotzen ari ziren. 48 ordu baino ez, festak abiatuko dituen suziria piztu eta parranda giroan murgiltzeko. Atxegaldeko plaza jaietarako mozorrotzen hasia da.

Herri poteo, txupinazo, eta kontzertu gauarekin abiatuko dira Atxegaldeko jaiak ostiralean. Musika eskaintza zabala aurten ere;  Zesuma eta Dj Gude larunbatean; Juanantzoneko Okupak, Izeberg, Skasti, Ingo al deu? lehen parranda gauean... 

Haurren Eguna larunbat goiz eta arratsaldez. Afari musikatua gauean. Ez ahaztu otordurako txartelak aurrez erosteaz. Salgai dituzue Irrati eta Artzabal tabernetan, baita Alkorta saltokian ere, 15 euroren truke. Afari musikatua aurten Josune Aranbururekin, larunbat iluntzeko 21:00etatik aurrera. Ukitu ibizarra eman nahi diote antolatzaileek harrera ezinhobea izan ohi duen hitzorduari. Jai Batzordetik txuriz jantzita agertzeko gonbita luzatzen zaie herritarrei. 

"Ongi etorri Ibizara!" lemapean ospatuko den afari musikatua, ez da festetako nobedade bakarra. Jaietako azken eguna indartzeko apustua egin dute antolatzaileek, 2014ko edizio honetan:

Abuztuak 29, ostirala
17:30 Herri poteoa Jaixkipe txarangarekin.
20:00 Txupinazoa eta txoznaren irekiera.
Jarraian, luntx mundiala eta buruhandiak.
23:00 Kontzertu gaua: Juanantzoneko Okupak, Izeberg, Skasti, Ingo al deu?

Abuztuak 30, larunbata
11:00 Umeentzako jokoak eta opari banaketa.
14:00 Herri bazkaria (norberak etxetik ekarria. Edaria eta postrea Jai Batzordearen eskutik).
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea, 20 euro bikoteko). Sariak:
1. saria: txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta 2 txanpain botila.
2. saria: kopak, lau untxi, mariskada eta 2 txanpain botila.
3. saria: kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4. saria: kopak, kostilla eta bi txanpain botila.

17:30 Antzerki sorpresa haurrentzat.
Ondoren txokolate-jana eta buruhandiak.
21:00 Afari musikatua, Josune Aranburu eta Ixak Arrutirekin: "Ongi etorri Ibizara!: animatu arropa txuriz jantzita etortzera". Txartelak aurrez salgai 15 eurotan, Irratin, Artzabalen eta Atxegaldeko Alkorta saltokian. Prezioa: 15 euro. Menua: pasta entsalada, oilaskoa euskaldun saltsan eta fruta mazedonia.
Ondoren, Zesuma eta Dj Gude.

Abuztuak 31, igandea
11:30 Umeentzako toka txapelketa. 
12:30 Helduentzako toka txapelketa. Inskripzioa 3 euro, lehen saria 100 euro. 
Jarraian, salda eta pintxo banaketa, Alkorta Autozerbitzuaren eskutik.
17:00 Body Combat saioa.
18:00 Patata tortilla lehiaketa.
19:30 Erromeria Imuntzo ta Belokirekin.
22:30 Azken traka.