Irailaren 9tik, geroa eraikitzen hastera

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 28a, 17:45


Usurbil etorkizuna eraikitzen hasteko zorian da. Irailaren 9an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Sutegin deituriko aurkezpen bilerarekin abiatuko da, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) eguneratzeko, Usurbilgo Udalak herritarrei zuzenduta antolatu duen parte hartze prozesu berria.  

Egutegia
Hilabete iraungo du parte hartze prozesuak; irailaren 9an hasiko da aipatu aurkezpen bilerarekin eta urriaren 9an amaituko da. 17 saio guztira. Egungo Usurbilgo errealitatea aztertu eta etorkizuneko erronkak aurreikusiko dira hitzordu guztiotan. Bilerak auzoka eta gaika egingo dira. Guztiak arratsaldeko 19:00etatik aurrera, egun eta lekuotan (urriaren 4ko bilera izan ezik, goizeko 10:00etan izango baita):
Irailak 9, asteartea: aurkezpen bilera Sutegin.
Irailak 15/29: Aginagako ludotekan.
Irailak 16/urriak 4: herriguneko bilerak, Potxoenean (euskaraz).
Irailak 17/urriak 1: herriguneko bilerak Artzabalen (erdaraz).
Irailak 18/urriak 2: Zubietako Kaxkapen.
Irailak 22/urriak 6: Mugikortasuna eta ingurumen gaiak jorratzeko bilerak Potxoenean.
Irailak 23/urriak 7: Jarduera ekonomikoak, komertzioa eta nekazaritza gaiak jorratzeko bilerak Potxoenean.
Irailak 24/urriak 8: Ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegitura gaiak jorratzeko bilerak Potxoenean.
Irailak 25/urriak 9: lurralde antolaketa hizpide dituzten bilerak, Potxoenean.


Erronka potolo baten aurrean dago udalerri hau. Etorkizuneko Usurbil marraztu, diseinatu edo eraikitzen hasteko atarian. Adi, irailaren 9tik aurrera sarri entzungo dituzuen sigla hauei; HAPO. HAPO edo Hiria Antolatzeko Plan Orokorra eguneratu, osatu asmo du Udalak, herritarrekin batera, iraileko bigarren astean abiatuko duen parte hartze prozesu berri baten bidez. 

“Herriko arazo eta aukerak aztertuko ditugu eta denon artean etorkizunean nolako herria nahi dugun erabakiko dugu. Udaletik gonbitea luzatzen da prozesuan parte hartzeko”, adierazi dute Udaletik. Etxeetan banatu berri dituzten eskuorrien bidez ere, usurbildarrak bere ekarpenak egitera animatzen dituzte. "Etorkizuneko Usurbil marraztera goaz. Zatoz eta parte hartu. Oraina da geroa", diote Udaletik. "Oraina da geroa" lema baliatu dute baita, gai honi buruzko informazioa sarean zabaltzeko ere. Web orrialde berri bat martxan izango da laster: usurbilorainadageroa.com

HAPO-a eguneratu nahi da
Udalerri honen etorkizuneko erronkei aurre egiteko, datorren Usurbil gauzatu ahal izateko landuko du Udalak herritarrekin batera, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Irailean, "Usurbil, oraina da geroa" lemapean abiatuko den parte hartze prozesuaren bidez, aurretik zegoen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra eguneratu nahi da, “egungo egoera sozial, ekonomiko eta demografikoak” hala egitea eskatzen du eta, Udalaren esanetan.

Garrantzia handiko plan batez ari gara. Udaletik diotenez, “Hiria Antolatzeko Planak (HAPO) hiriaren eta nekazaritza eremuaren egoera eta gure bizimodua azterturik etorkizuneko erronkei aurre egiteko balioko du, hirigintza teknika egokien bitartez. Hala, udalerrian lurzoruaren erabilerak eta eraikigarritasunak, eta gauzatu daitezkeen erabilera eta jarduerak zehazten ditu, besteak beste. Ondorioz, zuzeneko eragina du udalerriaren eraldaketan, garapen ekonomikoan eta, beraz, baita herritarren bizimoduan ere. Herriko lurrek izango duten erabilera ezberdinak definitzen ditu. Natura babesteko eremuak, industriaguneak, etxebizitza, mugikortasuna, jarduera ekonomiko eta sozialak, ekipamenduak eta ondare historiko eta kulturalari dagokionean beharrezkoak diren neurriak zehaztu eta programatzen ditu, etorkizunean nahi dugun Usurbil aurrera eraman ahal izateko”.

Bilerak, auzoka eta gaika
Hainbat bilera egingo dira irailaren 9tik aurrera, 2015eko martxora arte luzatuko den prozesuaren baitan. Gaika eta auzoka antolatu dute parte hartze prozesuko hitzordu sorta. Aipatu prozesuko lehen faseari dagokionez, “hasteko, herria ondorengo eremutan aztertuko dugu: Lurralde antolaketa; Jarduera ekonomikoak,  komertzioak eta nekazaritza; Ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegiturak eta Mugikortasuna eta ingurugiroa. Gai bakoitzarekin lan saio bat egingo da, bina bilera”, Udaletik diotenez. Eta herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute noski.

Horri auzoz auzoko bilera erronda gehitu behar. Bere izaera eta behar propioak dituztenez, Aginagan eta Zubietan bina bilera egingo dira. Kalezar, Santuenea eta Urdaiaga auzoetako ikuspegiak ere kontuan hartuko dira, eta ikuspegiok, Kaxkoan deituko diren lau bileretan lantzekoak dira. Herriguneko bi bilera euskaraz izango dira, eta beste biak erdaraz.

Nicola Foroni, prozesuko bideratzailea
Helduak, haur eta gaztetxoak ere inplikatuko ditu parte hartze prozesuak. “6-16 urte bitarteko gaztetxoekin ere bilerak egingo dira eskolan euren ikuspegia eta ekarpenak jasotzeko”, adierazi dute Udaletik.

Talde eragile batek bideratuko du guztia. Parte hartze prozesuko metodologia garatu eta dinamizatzeko aurrez Usurbilen egin izan diren beste parte hartze prozesuetako bideratzaile Nicola Foroni aholkularia kontratatu du Udalak, eta jarraipen teknikoa egiteko Jone Miner arkitektua. Lan taldea prest da, lanean ari da irailetik aurrera datorrena prestatzen. Adi, gai honi lotuta web orri bat ere martxan jartzekotan baitira.