"Ongi etorri Atxegaldeko plazara!"

Noaua Aldizkaria 2014ko abu. 29a, 21:18

Txupinazoa jaurtita, festa betean da jada Atxegalde. Bertaratu diren auzotar eta herritarrei ongi etorri beroa emanez hasi du Jai Batzordeak 48 orduko etenik gabeko parranda asteburua. Eta 2007an festak Atxegaldera itzuli zirenetik, urtero abuztuko azken asteburuaz ederki asko gozatu izan duen lagun handi batez oroituta; urtarrilean gure artetik joan zen Jon Uribe gaztea omendu nahi izan du Jai Batzordeak. 

"Ez dago gurekin, baina beti egon da gurekin festa guztietan. Gora Jon! Eta aupa zuek!", zioten antolakuntza taldeko kideek, gerturatu direnen txalo artean. Uribe festetako antolatzaileekin batera ageri den duela urte batzuetako argazki bat ere zintzilikatu dute plazan, Kalezarko gaztearen omenez.

Eta segidan etorri da, jaiak gogotsu hasteko deia. "Gora Atxegaldeko festak!" oihukatuz piztu dute, jaiei hasiera eman dien suziria. Jaixkipe txarangakoek girotu dituzte jaietako lehen minutuak. Baita kontzertu gauerako entseatzen zebiltzan Izeberg taldekoek ere. 48 orduko etenik gabeko parranda abian da Atxegalden. Txosna ireki dute, bertaratutakoei luntx eder askoa dastatu ahal izan dute. Buruhandiak ibili dira haurren atzetik korrika. Ostiral hau errematatzeko, lehen parranda gau honetan, lau talde, Atxegaldeko oholtza gainean; Juanantzoneko Okupak, Izeberg, Skasti, Ingo al deu?

Ondo pasa!