Taldeen desfilearekin abiatuko dute Usurbil Cup, ostiral honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 2a, 11:30


Ekainean ez irailean ospatuko da aurten Usurbil Cup txapelketa. Asteburu honetan bertan abiatuko da. Lehen jardunaldiari dagozkion partidak, larunbatean jokatuko dira. Aurrez ordea, ostiralean, kartel pintaketa, taldeen desfilea eta guraso bilera deitu ditu Usurbil FT-k. Hona hemen hitzorduon zehaztasun gehiago:

Irailak 5, ostirala
17:30
Talde guztiak arduradunekin Askatasuna plazan bilduko dira, kartel pintaketa burutzeko.
18:00 Taldeen desfilea Mikel Laboa plazaraino.
19:30 Arduradun zein guraso ororentzat bilera irekia Potxoenean. Datak, arautegia eta jarraibideak azalduko dira.

Irailak 6, larunbata
Usurbil Cup Txapelketako lehen jardunaldia.

Antolatzailea: Usurbil FT.

2014ko Usurbil Cup, irailean
Eta ez ekainean, orain arte bezala. Txapelketa ikasleen ikasturte amaierarekin egokitzeak edota herrian urteko seigarren hilabetean dauden ekimen mordoak bultzatu du Usurbil FT-ko zuzendaritza, ehunka haur eta guraso mugiarazten dituen kirol ekimena atzeratzera. Eurentzat gaztetxoak txapelketako erdigune direla argi izanik, aldaketa onerako izango delakoan daude. Futbol klubak hartutako erabakiak, Hezkuntza Mahaiaren babesa du. Antolatzaileak azken prestaketa lanetan murgilduak dabiltza.  

Honenbestez, Usurbil FT-koen aurreikuspenen arabera, iraileko lehen asteburuan hasi eta iraila amaieran, 27-28 inguruan betiko jaialdi ukituko sari banaketarekin bukatuko da Usurbil Cup 2014. Tartean hiru asteburu egongo dira, talde parte hartzaileen arteko neurketak jokatzeko. Asteburuak eta baita aste egunak ere. Usurbil Cup irailean jokatzeak dakarren abantailetako bat, ikasleek iraileko arratsaldeak libre dituztela baita, ez dute klaserik. Eta asteburuetan ere asti gehiago, urrira arte ez baita abiatzen eskola kiroleko denboraldia. Egutegi aldaketak antolatzaileei lanak erraztuko dizkie eta ikasleak ere, udako oporraldiaren eraginez, indarberrituta eta lasaiago egongo dira.

Uda ostean, lasaiago
Azken urteotan, guraso eta irakasleengandik jasotako kezka edo proposamenen harira bideratu dute aldaketa hau Usurbil FT-koek. Euren esanetan, ekaineko ebaluazioa eta ikasturte amaieraren harira, ikasleak aztoratu samar sumatzen dituztela eta, data aldaketa eskatzen zuten. Antolatzaileek ere buruhausteak izan ohi dituzte, ekainean partiden ordutegiak finkatzerakoan. Ikasleen denbora faltagatik, edota Usurbil Cup Santixabelen aurretik amaitu beharra zutelako. 

Iraila, bai antolatzaile, guraso eta jokalarientzat hilabete lasaiagoa izango delakoan daude. Eta ikasleek arratsaldeetan klaserik ez dutela eta, aste egunak ere txapelketako partidak antolatzeko baliatzeko tarte zabalagoa dute orain.

Ikasleen egokitzapenerako lagungarri
Guztia, aipatu moduan, Hezkuntza Mahaiaren babesarekin. Udal ordezkari, guraso eta hezitzaileez osaturiko bilguneak begi onez ikusi du futbol klubeko zuzendaritzaren erabakia. “Aukera on bat zela ikusten zuten, Aginaga eta Zubietatik Udarregira etorri daitezkeen ikasle berrien integraziorako adibidez”, adierazi dute Usurbil FT-tik. Hezkuntza Mahaiak trataturiko lehen gaia gainera, trantsizioak eta egokitzapenak izan da. Usurbil Cup, gai hau lantzeko gune egokitzat jotzen dute.

Hezkuntza Mahaiak erakutsitako babesarekin lasai da Usurbil FT. Baina esku artean egoki kudeatu eta kezka eragiten dieten bi gai dituzte mahai gainean. Batetik, partidetan sortu ohi diren publiko eta epaileen arteko tentsio egoerak baretzen asmatu nahi dute. Eta txapelketari duena baino garrantzi gehiago ematea saihestu. Nola kudeatu, hortxe dago gakoa.

Baliabide mugatuak dituzte. Argi diote, dimentsio handiko kirol ekimen batetaz ari gara. Ia 400 haur, guraso gehiago eta Usurbil FT-ko dozena bat kide, antolaketa lan guztiei aurre egiteko. Denei ekimenerako ilusio eta gogorik ez zaie falta, baina alderdi honetan hobetu nahi lukete. Baita hondakinen kudeaketan ere. Partidak jokatzen direnean lurrean hainbeste zabor pilatzea eragotzi nahi dute. Edukiontziak jarri izan dituzte, baina euren esanetan, lurretik zakarra biltzen amaitzen dute. Gai honetan ere sakondu asmo dute aurten. Argi dute antolatzaile moduan gaiotan euren ardura dutela, baina ardura, txapelketaren bueltan biltzen den jendearekin partekatu nahi dute.

Usurbil Cup eraldatua
Txapelketaren hasiera: iraileko lehen asteburuan.
Finalak: irailaren 27-28ko asteburuan.
Iraupena: 3 aste.
Izen ematea: itxita.
Parte hartzaileak: minibenjaminak (LH 1-2), benjaminak (LH 3-4), alebinak (LH 5-6) eta infantilak (DBH 1-2).
Ekimenaren izaera: ludikoa, ez lehiakorra.
Antolatzailea: Usurbil F.T.