VI. Topa Eszenika, irailaren 10etik 13ra

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 3a, 10:56

Antzerki sortzaileen mahai inguru batekin eta Euskal Herriko aktore ezagunak bilduko dituen antzezlanekin. Antzerki Ekintzak, Usurbilgo Udalaren eta EHAZEren laguntzaz honako egitarau hau osatu du datorren VI. Topa Eszenikarako. Irailaren 10etik 13ra Usurbilen:

Irailak 10, asteazkena

18:30
“Antzerki sortzaileak” mahai ingurua Potxoenean, Topa Eszenikan parte hartuko duten antzezlanen sortzaileekin, antzezlanaren prozesua azaldu eta partekatzeko. Ekintza irekia izango da. Parte hartzaileak: Alex Gerediaga (Khea Ziater), Ion Martinez (Aldatzen Laguntzen), Agurtzane Intxaurraga (Hika) eta Asier Zinkunegi (Dar-dar) izango dira. EHAZEko koordinatzailea den Itziar Eliasek gidatuko du saioa.

20:30 “Satisfaktion” (Khea Ziater) antzezlana Sutegiko auditorioan: 

“Kriss eskarmentudun aktoresa bat da, urteak daramatza mota guztietako lokaletan bere obrak antzezten. Orain dela gutxi arrakastara zuzenean eramango zuen proiektu bati ezetza eman behar esan zion haurdun zegoelako, zuzendari ospetsu baten pelikulako protagonista izateari uko eginez. Gaur, bere berragerpenaren eguna da eskenatoki gainean, errepresentatu gabe gelditu zen prostitutaren pertsonaiari bizitza emanaz”. 

Iraupena: 55 minutu.

Sarrerak: 3 euro (egunean bertan).


Irailak 11, osteguna

20:30 ”Amets zirkoa salgai (Aldatzen-Laguntzen)” antzezlana Sutegiko auditorioan:

“Xorroxin eta Azken Putz klownak zirko munduan urte ugari daramazkite. Baina ikuskizun berri honek, beren biziera zapuzteraino eraman ditu eta amaiera jarri behar diote beren aktore bizimoduari. “Aldatzen Laguntzen”en antzezlanean, komedia izango da nagusi baina gutxinaka drama punttuak aurkezten hasiko zaizkigu Ion Martinez eta Saioa Royo antzezleak. Antzezlanean, zirkoan ohikoak diren eszenak ikusiko ditugu, Euskal Herriko hainbat pertsonaia mitologiko eta gure gizartean ezagunak diren pertsonaiak erabiliko dituzte antzezleek: aurkezlea, pailazoen esketxak, magoa, txiste kontalaria, animalia domatzailea, indar handiko pertsonaia, gizon bala, neska bizarduna… Ezin duzue galdu!”.
Sarrerak: 3 euro (egunean bertan).


Irailak 12, ostirala

22:00 “Hitzak (Hika Teatroa)” antzezlana Sutegiko auditorioan:

“Hiru emakume eta gizon bat. Eta umea. Emakume gaztea, maite duen gizonarekin ezkondu berria. Zorionaren ispilu. Emakume heldua, maite zuen gizonarekin aspaldi ezkondua, gatazka etengabean. Zorigaitzaren ispilu. Emakume zaharra, gizonik maite izan ote duen ahaztuta, zoramenaren ispilu, (baina ispiluaren atzean aske eta zoriontsu izan litekeela jakitun). Emakume gaztea ezkondu da maite eta desio duen gizonarekin, bizitza osoan zoriontsu izateko ilusioz. Emakume helduak jakinarazi nahi dio bera ere halaxe ezkondu zela orain urte batzuk, baina gero zerbaitek krak egin zuela harremanean. Emakume zaharrak berak egin zuen krak munduan gehien maite zuen pertsona galdu zuenean. Harrezkero, ez dio inori aholkurik ematen. Izar iheskorrak harrapatuz bizi da umearekin”.
Aktoreak: Klara Badiola, Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza, Jabi Barandi eta Agurtzane Intxaurraga.
Sarrerak: 6 euro (egunean bertan).


Irailak 13, larunbata

22:00 “Etzi (Dar-Dar produkzioak)” antzezlana, Sutegiko auditorioan:

“Goizeko hamarrak dira. Bruno gurasoekin bidaian joan berri da. Rosak, amak, koaderno gorri bat eman dio Mattini, bere seme ttikienari, bertan bere sentimendu eta emozioak idatz ditzan gurasoak kanpoan diren bitartean. Etxera itzultzean, denek elkarrekin irakurriko dute. Mattinek ez daki zehatz-mehatz noiz itzuliko diren. Etzi esan diote, ez geroago. Mattin bere aitona Pedro eta amona Nataliarekin geratuko da denboraldi honetan. Brunoren ausentzian ordulariaren orratzak arrastaka dabiltzala dirudi. Guztiak berunaren kolore gris astuna hartu du eta kalean urdin koloreko euri umela ari du. Mattinek, Pedrok eta Nataliak azken urteetan Brunorekin bizi izandako hainbat pasarte gogoratuko dituzte”.
Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti, Gorka Zufiaurre eta Asier Zinkunegi.

Sarrerak: 6 euro (egunean bertan).

Antolatzailea: Antzerki Ekintza.

Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta EHAZE.