Argia zaleen topagunean bihurtuko da Usurbil, iraileko azken larunbatean. "Egun osoko jaia. Hainbat hamarkadaren ostean, irailaren 27an Argia Eguna berreskuratuko dugu Usurbilen. ARGIAren inguruan biltzen den komunitateak elkar ezagutu eta ARGIAren baloreak sustatzeko ekintzek osatuko dute egun osoko egitaraua. Urte amaieran aurkeztuko dugun ARGIA astekari berrituaren nondik norakoak ere azalduko ditugu, irakurleen iritziak jasotzeko asmoz", aurreratu dute antolatzaileek.
1982-92 artean ospaturiko eguna berreskuratu nahi dute, aipatu dutenez, "Usurbilen, non bestela". Jai gunea hautatzerakoan ez dute zalantza handirik izan. "Usurbilgo ARGIAren Lagunak taldeari esker onez, hasieratik argi izan dugu festa non egin. Herritar talde hau, proiektua ekonomikoki laguntzeko sortu zen 1998an. Ekonomikoki estuen egon garenetan lagundu izan digu herritarren babesa jasotzen eta egun ere urtero antolatzen du Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen emanaldia abenduan", aipatu dute.
Jaialdiari begirako deialdiak
Pare bat deialdi irailaren 27ko jaialdiari begira. Batetik, bazkaltzeko modu eta aukera desberdinak izango dira. Etxetik eramandako janaria dastatzeko aukera egongo da, jai gunean bertan bokatak erosi eta dastatzekoa, eta baita herri bazkari bat ere. Herri bazkarirako tokia erreserbatu beharra dago aldez aurretik, irailaren 17a baino lehen, 943 371 545 telefono zenbakira deituta edo sustapena@argia.com helbidera idatzita.
Bestalde, Argia Egunean ekitaldiren bat antolatu gogoz dabilenak, aipatu helbidera bidali dezala email bat. "Lanerako borondatez bazaude, aurreskua dantzatuz egingo dizugu ongi-etorria (zehaztu zer ordutegitan eta zer lan klasetan jardungo zenukeen)", antolatzaileek zehaztu dutenez.
Datozen asteotan emango dute ezagutzera, irailaren 27an Usurbilen izango denaren berri. Aurreratu dituzte ordea, ekitaldi batzuen nondik norakoak; "produktu ekologikoekin egindako herri bazkaria, Euskal Herriaren independentziari buruzko mahai-ingurua, bertso saioa, tailer ekologista bat, bakarrizketa umoretsuak, bertso saioa, kale animazioa, jolas aldarrikatzaileak, kontzertuak...". Egun osoko jaialdia, goizetik gauera.