Zubieta eta Aginagako Herri Ikastetxeek egun gutxi barru hasiko dute ikasturte berria. Aurretik ordea, larunbat honetarako, irailaren 6rako, auzolanerako deia egin dute Zubietako Eskola Txikian. Bertatik ohartarazia dutenez, laster hasiko dituzte handitze lanak, eta orain arte bertan kokatuak egon diren aurrefabrikatutako moduluak kendu behar dira. Aurretik ordea, barruan dagoen materiala atera eta dagokion lekura eraman behar da. Horregatik egin dute auzolan deialdia, larunbat honetarako, irailak 6, 10:00etan. "Zubietarrak deitu nahi ditugu, lanerako gogoarekin Eskola Txikira hurbiltzeko. Hamaiketakoa gure esku izango da", Zubietako Herri Batzarretik adierazi dutenez.
Itzulera mailakatua
Ikasgeletara itzultzeko garaia da. Haur Eskolakoek atzo hasi zuten ikasturte berria, DBH-koen txanda izan da ostiral honetan. Aurkezpen saioa zuten goizean. Astelehenean, HH eta LH-koen lehen klase eguna:
Irailak 8, astelehena: 9:00-12:30 artean, HH eta LH-koak. Jangela zerbitzua abiatzea.
Berrikuntzekin hasiko dute ikasturte berria, Udarregi Ikastolakoek. Agerialde ondoan kokatua dagoen eraikin berriaren irekierarekin. Ikasle talde batzuk bertara igaroko dira, eta horrek, Udarregiko azpiegitura guztietako espazioa berrantolatzea ekarri du. Besteak beste, jangela berri bat irekitzea. Adi, eraikin berrian kokatuko baita, irailaren 8tik aurrera zabalik izango den ikasleentzako eguerdiko jangela berria. Orain arte Haur Eskolan egiten zuten moduan, aurrerantzean janari ekologikoa zerbitzatuko dute gune berri honetan ere. Jangelan izen emateko: Udarregi Ikastolako idazkaritzan edo 943 36 12 16 telefono zenbakian. Informazio gehiago: aste honetako NOAUA!n edo udarregi.com atarian.
Lanbide Eskolako ikasturte berriko aurkezpena astelehenean
Goizeko 10:00etarako deitu du Lanbide Eskolak 2014-15 ikasturterako aurkezpen ekitaldia. Biharamunean, irailaren 9an hasiko dira klaseak, goizeko 8:00etan.
Zumartekoen txanda, irailaren 9an
Datorren asteartea, irailak 9 hautatu du Zumarte Musika Eskolak, 2014-15 ikasturteari ekiteko. Musika instrumentuetan trebatuko diren taldeak, musika mintzairakoak, abesbatzakoak... Astebete barru, musika hotsa itzuliko da Zumartera.