Usurbil etorkizuna eraikitzen hasteko zorian da. Astearte honetan, irailaren 9an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera Sutegin deituriko aurkezpen bilerarekin abiatuko da, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) eguneratzeko, Usurbilgo Udalak herritarrei zuzenduta antolatu duen parte hartze prozesu berria. “Orain, denon artean etorkizunean nolako herria nahi dugun erabakiko dugu. Orain marraztuko dugu Usurbilgo geroa. Inoiz baino gehiago Usurbilen, oraina da geroa”, dio Udalak, hastear den bilera sortaren garrantzia nabarmenduz, etxez etxe banatu duen eskuorrian.
Prozesu honetan zehar hartutako erabakiek, biharko herriaren eta herritarren bizimoduan eragingo dute, zuzen zuzenean. Horregatik, Udaletik azpimarratzen dutenez, “asko duzu esateko. Usurbilen bizi garenok ezagutzen dugu herria ondoen, badakigu zeintzuk diren ahuleziak eta indarguneak. Zure ikuspuntutik abiatuta etorkizuneko Usurbil marrazteko ariketa egitera gonbidatu nahi zaitugu”.
Egutegia
Hilabete iraungo du parte hartze prozesuak; irailaren 9an hasiko da aipatu aurkezpen bilerarekin eta urriaren 9an amaituko da. 17 saio guztira. Egungo Usurbilgo errealitatea aztertu, etorkizuneko erronkak aurreikusi eta usurbildarrek nolako herria nahi duten irudikatzeko aukera izango dute hitzordu guztiotan. Bilerak auzoka eta eremuka egingo dira. Guztiak arratsaldeko 19:00etatik aurrera, egun eta lekuotan (urriaren 4ko bilera izan ezik, goizeko 10:00etan izango baita):
Irailak 9, asteartea: aurkezpen bilera Sutegin.
Irailak 15/29: Aginagako ludotekan.
Irailak 16/urriak 4: herriguneko bilerak, Potxoenean (euskaraz).
Irailak 17/urriak 1: herriguneko bilerak Artzabalen (erdaraz).
Irailak 18/urriak 2: Zubietako Kaxkapen.
Irailak 22/urriak 6: Mugikortasuna eta ingurumen gaiak jorratzeko bilerak Potxoenean.
Irailak 23/urriak 7: Jarduera ekonomikoak, komertzioa eta nekazaritza gaiak jorratzeko bilerak Potxoenean.
Irailak 24/urriak 8: Ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegitura gaiak jorratzeko bilerak Potxoenean.
Irailak 25/urriak 9: lurralde antolaketa hizpide dituzten bilerak Potxoenean.
2015ean jarraipena
Bilera guztioz gain, 6-16 urte arteko ikasleen ikuspegia jasotzeko ere lau lan saio burutuko dira. Hau guztia irailaren 9tik urriaren 9ra. Baina parte hartze prozesua ez da hor amaituko. “Behin bilera horiek guztiak burututakoan, Udalak guztion artean osatutako Usurbilgo marrazkia aurkeztuko du. Horretarako, beste lan saio batzuetarako deialdia luzatuko du urtarrilean”, ohartarazi dutenez. Gai honi buruzko informazio gehiago, Udalak martxan duen usurbilorainadageroa.com atarian jaso dezakezue.
Nicola Foroni, prozesuko bideratzailea
Helduak, haur eta gaztetxoak ere inplikatuko ditu parte hartze prozesuak. “6-16 urte bitarteko gaztetxoekin ere bilerak egingo dira eskolan euren ikuspegia eta ekarpenak jasotzeko”, adierazi dute Udaletik.
Talde eragile batek bideratuko du guztia. Parte hartze prozesuko metodologia garatu eta dinamizatzeko aurrez Usurbilen egin izan diren beste parte hartze prozesuetako bideratzaile Nicola Foroni aholkularia kontratatu du Udalak, eta jarraipen teknikoa egiteko Jone Miner arkitektua. Lan taldea prest da, lanean ari da irailetik aurrera datorrena prestatzen. Adi, gai honi lotuta web orri bat ere martxan jartzekotan baitira.