Bertako eta garaiko jakiak gaurtik, Udarregi Ikastolako jangela berrian

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 8a, 12:30


Irailaren 8 honetan abiatuko duten 2014-15 ikasturtea, aldaketa urtea izango da Udarregi Ikastolakoentzat. Agerialde ondoan kokaturiko eraikin berria irekiko dute. Ikastolaren azpiegiturak handituko dira honenbestez, Eraikin berriaren irekierak orain arteko espazioa berrantolatzea ekarriko du; ikasle talde bat baino gehiago, eraikinez aldatuko da 2014-15 ikasturte berria hastearekin batera. Eraikin berriaren irekierak ordea, badakar beste aldaketa nagusi bat; bertan kokatuko baita, handiagoa, erosoagoa izango den jangela berria. Janari ekologikoa zerbitzatuko dute gainera, orain arte Haur Eskolan egiten zuten moduan. Aurrerantzean, Udarregiko ziklo guztietan, 0-16 urte artean beraz, egunero, produktu ekologikoak, bertakoak eta garaikoak dastatu ahalko dituzte ikasleek jangelan. Zehaztasun gehiago biltzeko, aldaketa guztiok kudeatzen aritu den Jangela Batzordeko ordezkariekin bildu gara.

Zein izan da zuen egitekoa urteotan?
Jangela Batzordea:
 Ikastolan beti funtzionatu izan dugu catering bidez, Haur Eskolan aldiz janari ekologikoarekin. Ikusten genuena zen, Haur Eskolako ikasleak ikastolara pasatzen zirenean faltan botatzen zutela modu berdineko antolaketa, janari mota... Zerbait egin beharrean aurkitu ginen. Orduan hasi ginen ikusten, beharrezkoa izango zela Jangela Batzorde bat antolatzea. Horrela, beste sakontasun batekin heldu genion gai honi.

Haur Eskolako proiektua zena, irailaren 8tik ikastolako ziklo guztietara hedatu nahi duzue?
Jarraipen bat emateko, izan dadila 0-16 urte artean eskaintza bera. Haur Eskolatik Haur Hezkuntzara igarotzean, aldaketa handia sentitzen da umeengan. Bertan sukaldatutako bazkari bat hartzetik, catering batera pasatzea, aldaketa handia bezala sentitzen da. Hortik hasi ginen gurasoak mugitzen, ikastolako egituraren laguntzarekin eta baliabideekin, 2008-09 ikasturtean. Jangela beste era batera antolatzeko. Zuzendaritza taldeak bost urtero egiten duen plan estrategikoaren baitan zuen, jangela zerbitzua berriztatzea eta bertan sukaldatzea. Ordutik, bertan bazkaltzeko proiektua aurrera eraman dugu. Lehenengo arazoarekin topo egin genuen berehala, instalakuntza arazoekin. Ikastola handitzen ari zen, Agerialdeko eraikinean Lanbide Hastapeneko sukaldaritzakoak zeuden. Ez zegoen lekurik denontzat. Bi txandatan zerbitzatu behar izaten zen bazkaria; aurrena ikasle gazteenei, gero helduenei. Lanbide Hastapenekoak Atallura joan zirenean, jangela handitu zen eta denak sartzen ginen txanda batean.

Eraikin berriarekin zertan hobetuko da jangela zerbitzua? 
Bertan sukaldatutako janaria izango da 0-16 urte artekoentzat, horrekin kalitatea ikaragarri hobetzen da. Janari ekologikoa, bertakoa eta garaikoa izango da. Kontrolatutako inguruneko jakiak izango dira; produktuak nongoak eta nolakoak diren ezagutuko ditugu. Bertako ekoizpenari, ekonomia suspertzeari garrantzia eman dio bai Jangela Batzordeak eta ikastolak. Ahal den neurrian behintzat, herrian egiten den horri irteera bat ematea, herrian bertan ekoitzi eta kontsumitzea. Une honetan badira bertako sei bat hornitzaile. Horrek ere ekarriko du onura.

Heziketa lan bat ere sustatu nahi duzue jangelatik?
Bazkalordua hezkuntza unea da. Arauak daude. Barruti arautua da, ikastolaren kargu daude ikasleak bi ordu horietan. Aldaketa nagusia, janariaren kalitatea hobetuko dela. Hezkuntzan eta hazkuntzan oso garrantzitsua den gauza bat da haurrentzat. Jaten duguna gara. Zentzu horretan ikusten dugu, oso ona eta garrantzitsua izango dela ikastolarentzat. Horrela ulertu du ikastolak egin duen ahaleginarekin eta baita udalak ere, egin den eraikinarekin. Hori instalakuntzetan ikusten da. 180 gradutako aldaketa emango da. Inor joan bada jangela zaharrera, ezin zen hitz egin ere egin, ez zegoelako horretarako prestatua. Gogoratu behar dugu eguerdian ikastolan gelditzen diren haurren kokapena, jangela dela bi ordu horietan. Eta ardura jangelarena dela. Lekua ere goxoa izatea, hitz egin, etxeko lanak egin ahal izatea, edo umeak bertan jolastea, horretarako txoko bat prestatzea oso garrantzitsua da eta jangela berriak hori guztia izango du. Megafonia egongo da. Oso garrantzitsua izango da ere hezkuntzarako. Bilera asko izan dira, asko hitz egin eta eztabaidatu da. Adin batetik aurrera, umeek bazkaria eurek zerbitzatu ahalko dute.

Esperientziak ere erakutsiko du gerora nondik jarraitu?
Erronka handia zen. Aldaketek asko suposatzen digute. Egokitzapena izango da denontzat. Urtero gainera esperientzia berri bat da, talde desberdinak sartzen dira jangelan. Orduan urtero egokitu behar duzu talde horietara, beraiek egokitu behar duten moduan egoera berrira. Martxan hastean joango gara gauzak gehiago lotzen. 

Jangelako erabiltzaile berriek zer egin behar dute izen emateko?
Ikastolako idazkaritzara deitu dezatela, bertan ematen da informazioa, ze kuota mota dauden... Egun batetik besterako tramite bat da. Izen ematea irekia dago. Badira egunero datozen ikasleak, baina bezperan deituz egun zehatz batzuetan ere etor daitezke jangelara. Aukera ezberdinak daude, bakoitzak hautatzen du berari hobeto datorkion aukera.

“Arazoa helduok dugu, era batera ohitu baikara jatera”
Elikadura ekologikoaz, zer da jakin behar duguna?
Garaian garaiko produktuekin eginiok bazkaria zerbitzatuko zaie ikasleei. Oinarria barazkiak eta gluten gabeko zerealak dira, zeliakoek ere jan ditzakete. Janari gorria gutxiago ematen da, haragi zuri gehiago; oilaskoa kasu honetan. Egongo dira baita menuan aldaketak. Ohituta gaude beti lehenbiziko plateraren ostean, bigarren plateran animalia proteinak jatera. Baina ez du zertan animaliena izan beharrik. Izan liteke, proteina begetal bat; lehenbizi barazki pure bat eta ondoren lenteja batzuk adibidez, zerealen batekin nahastuta. Oso dieta orekatua da. Halako aldaketak emango dira jangelan, badakigu hasieran purrustak entzungo direla, batez ere ikasle helduenetan. Baina pixkanaka ohituko dira. Elikadura osasungarriagoa izango da eta askoz hobeto ibiliko dira. Gogoan izan, gaur egun, obesitate kasu asko ematen ari dira umeen artean, jaten den moduarengatik. Menuak osatzen direnean pediatrarengana jotzen dugu, bera ere jakinaren gainean dago ze menu mota ematen den. Janari kopuruak ere, neurtuta daude. Dena aztertuta dago, eta dena kontrastatua dago pediatrarekin eta katerineko adituekin. Hilabete osorako menua begiratuta, orekatua da.

Haur Eskolako esperientziaren kasuan, bertatik etxeetara hedatu da elikadura ekologikoaren aldeko apustua?
Egin dira sentsibilizazio hitzaldiak, sukaldaritza ikastaroak antolatu dira. Gurasoak animatu izan dira. Interes handia dute, pixka bat konpentsatzeko haurrek zer jaten duten eguerdian, gero iluntzean etxean jateko.

Gai honetan ere hezi beharra badugu?
Helduok ikasi behar dugu, arazoa helduok dugu. Haur Eskolan, taldearen arabera aldaketa asko eman izan ditugu. Ikusten da zer onartzen duten eta zer ez. Beraiek onartzen duten bide horretatik jarraitzen saiatzen gara. Baina arazoa helduok dugu, era batera ohitu baikara jatera. Orain bat batean aldaketa hau ematea, haragia edo arraina jaten ez badugu, uste da ez dela dieta orekatua. Baina bai. Aldaketa hau emango da, baina pixkanaka, poliki-poliki eta ahal den neurrian. Formazio eta sentsibilizazioarekin jarraituko dugu. 0-16 urte arteko ikasleen gurasoak, Jangela Batzordean parte hartzera animatzen ditugu.

Erabilera anitzeko gunea
Jangela goxoa, handia eta modernoa, hitz gutxitan orain artekoak baino instalakuntza hobeak izango ditu irailaren 8tik aurrera, Udarregi Ikastolak. Astelehenetik ostiralera 12:30etatik 14:30etara, bi orduz eskainiko duten jangela zerbitzuaren baitan, bazkaldu egingo dute ikasleek. Baina klasera itzuli aurretik, beste ordubete izango dute ikasleek etxeko lanak egin, jolastu edo lasai egoteko. Horretarako gune egokitua izango dute jangelan. Sor litezkeen beharrei aurre egiteko, ikastolak deituriko bilerak egiteko ere balia ditzakete azpiegitura berriok. Erabilera anitzeko gunea izango da beraz. Orain, frontoi ingurua estaltzea falta zaiela diote. Bazkalostean, klasera itzuli aurreko ordubete horretan, haurrek jolasteko nahiko leku izan dezaten eskola atarian, egun osoa eraikin barruan sartuta eman beharrean.

Haur Eskolan, orain arte bezala
Eraikin berriko jangela irekitzearekin emango den aldaketa, 3-16 urte arteko ikasleek nabarituko dute. Haur Eskolakoek ez. Orain arteko menua dastatzen segiko dute astelehenetik ostiralera, Kalezarren biltzen diren haur txikiek. Sukaldariak eraikin berrian prestatuko du bazkaria, baina Jangela Batzordetik ohartarazi nahi izan dutenez, “lasai egon daitezela Haur Eskolako gurasoak. Eraikin berrian sukaldatutakoa Haur Eskolara garraiatuko da. Berdin jaten jarraituko dute”.