Horixe, asteazken honetan abiatuko den VI. Topa Eszenikako antolatzaileen apustua. Kalitateko antzezlanak programatu ditu Antzerki Ekintzak, Usurbilgo Udalaren eta EHAZEren laguntzaz, gaurtik larunbatera, irailaren 10etik 13ra Usurbilen. Sarrera merke askoekin gainera. Alex Tellok dakartza zehaztasun gehiago lerrootan.
Ikastaro eta antzezlanen oreka bat ematen zen aurreko edizioetan. Aurten antzezlanen aldeko apustua egin duzue?
Alex Tello: Iaz parte hartzea jaitsi zenez, aurten ikastaroak ez antolatzea erabaki dugu. Bi mahai inguru antolatu ditugu, bat euskarazko antzerkiaren dokumentazio zentroaren inguruan, eta bestea, Topara etorriko diren antzezlanen sortzaileekin. Beraien obraren aurkezpen bat egingo dute, baina batez ere eskola izango da. Obra bakoitzaren prozesua ezagutu nahi dugu.
Publikoarentzat sarritan ezezaguna den prozesua?
Ideiak nola, nondik sortzen diren eta gero talde bakoitzak ideia batetik azken emaitzerako bide hori nola jorratu duen ezagutu ahal izango dugu. Bakoitzak bere zailtasunak azalduko ditu, non ibili diren erraz, non kostata. Oso interesgarria. Toparen helburuetako batekin bat eginez, gure arteko elkar ezagutzarako lagungarria izango da.
Lau antzezlan programatu dituzue, punta puntako aktoreak datoz?
Apustua, aktore ezagunak ekarri eta balore berriei aukera ematea da, aspalditik daudenek jarraipena izatea eta aktore berriei aukera ematea. Bi antzezlan ditugu aktore ezagunekin eta badakigu kalitate bat bermatua dagoela. Besteen kasuan ez dakigu, baina aukera eman behar zaie.
Urtero aldaketak sartzen saiatzen zarete. Hurrengo edizioetarako nola berritu nahi zenukete Topa Eszenika?
Kale antzerkiarekin. Topa, Tarregako jaialdia ospatzen den egunekin egokitzen da. Tarregako kale antzerkiaren azokara doan talde bat ekarri nahi genuen. Haientzat ordea Tarregakoa oso hitzordu garrantzitsua da. Bestalde, iaz Topa Lasarte eta Añorgara zabaldu zen. Aurten ez, Usurbilen. Horrek ez du esan nahi datorren urtean zabalduko ez denik. Topa egin da, egiten da eta egingo da, Udalak lagunduta. Udalaren babesak profesionalak ekartzen laguntzen du. Kalitatea ekarriko dugu eta kalitateak bere katxea du. Aurten Usurbilen, helduentzako areto antzerkiekin, programaketa on bat egon da.
Aurreratu Sutegin ikusi ahal izango dena…
Lau obretatik bi ikusiak ditut, beste biak ez. Arriskatu egingo dugu. “Satisfaktion” obra 2013an Donostian sarituriko proiektua. Aktore ausart bat izango dugu, eta antzerki ezberdin bat ikusteko aukera. “Amets zirkoa salgai”, barre asko egiteko antzerkia, euskal zirkoa. Sorkuntzan lagundu nien, Gaztetxean prestatu zuten. “Hitzak”, oso obra potentea genero indarkeriari buruz. Bi urtez emanaldi asko egin dituzte. Azken urteotako obrarik potenteenetakoa. “Etzi”, Joxe Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti eta Aitor Zufiaurrerekin. Zufiaurre, down sindromea duen aktore urretxuarra da. Eredugarria iruditzen zait, down sindromea duen aktore bat, Soroiz bezalako aktore puska batekin ikustea. Bide batez, Jon Uriberi keinu bat egin nahi diogu, Gaztetxean, Sutegin eta kalean, antzerkia zegoenero etortzen baitzen. Eskertuko genuke Topara zatoztenon iritziak, obrei buruzko sentsazio horiek transmititzea.