Herritarrak hausnartzera, proposatzera, ekarpenak egitera deitu zituen Mertxe Aizpurua alkateak, Usurbilgo Hiria Antolatzeko Plan Orokorrari lotuta, atzo Sutegin abiatu zen parte hartze prozesu berriko aurkezpen bileran. “Usurbildarrok dugu hitza”, gogorarazi zuen alkateak.
Etorkizuneko herria eraiki nahi du Udalak, Usurbildik eta usurbildarrekin elkarlanean. Etorkizuneko herri hori diseinatzen hasteko oinarria finkatuko da, abiatu berri den prozesu honetan. Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren zeregina horixe baita; “herriko eremu publikoak eta pribatuak antolatzea datozen 8-10 urteotarako”. Eremu publiko gisa ulertu behar ditugu, kale, parke edota plazak, espazio publikoak alegia; liburutegi, kiroldegi edota ikastola, herri ekipamenduak; mendi publikoa, mugikortasuna... Eremu pribatuaren baitan sartzen dira, etxebizitza, lantegi edo lursail pribatuak.
Gaiak duen begi bistako garrantziaz jabetzeko, alkateak atzo Sutegin adierazitakoa: “Benetako garrantzia du, herriaren norabidea finkatuko baitugu. Orain erabakiko dugunak gure eta datozen belaunaldiak baldintzatuko ditu”. Usurbilgo herriaren itxura, herritarren bizimodua eta elkarbizitza eredua marraztuko dira besteak beste, datozen hilabete hauetan. Usurbil, datorren herria diseinatzen hastera doa.
Etxetik, etxekoekin elkarlanean aritzeko apustua
Udalak modu desberdin batean kudeatu nahi du gaia. Duen garrantziaz jabetuta, gobernu taldeak ohikoa den prozeduratik desbideratu nahi izan du; hau da, ez dute enpresa bat kontratatu nahi izan herri honen etorkizunerako garrantzi izugarria izango duen gai hau kudeatzen laguntzeko, baizik eta lan taldea indartu nahi izan du. Horretarako, Jone Miner arkitektoa eta parte hartze prozesuetan aditua eta antzeko zereginetan Usurbilen lanean aritu izan den Nicola Foroni kontratatu dituzte. Usurbildik usurbildarrentzat lan egiteko. Mertxe Aizpurua alkatearekin batera, Minerrek eta Foronik parte hartze prozesu berri honen ardatzak azaldu zituzten atzo, Sutegira bertaraturiko herritarren aurrean.
Plan orokorrari loturiko gaia, bestelako modu batean lantzeko Udalak egin duen apustuaren beste bereizgarrietako bat; ohiko bideetatik jo izan balute, herritarren parte hartzea, orain lantzen hasiko den dokumentua jendaurrean ikusgai jarri eta epe zehatz baten baitan, alegazioak aurkeztu ahal izatera mugatua egongo zen. Oraingoan ordea, gaia herrian eta herritarrekin batera lantzeko hautua egin du Udalak eta hortik dator, atzotik abian den parte hartze prozesu berria. Gaika, zonaldeka edota adin tarte ezberdinei zuzendua egongo den bilera sorta deitu du Udalak, orain hasi eta urriaren 9ra arte. Atzokoa aintzakotzat hartuta, 17 saio guztira.
2004koa eguneratzera
Aurrerapen dokumentu bat du Plan Orokor batek. Aurrerapen dokumentu horren baitan idazten da gero, hiria antolatzeko plan orokorra. “Orain lantzen hasiko garena, aurrerapen dokumentua izango da, gero plana erredaktatzeko oinarria izango dena”, jakinarazi zuen alkateak atzo, Sutegiko bileran.
Aizpuruak aipatzen zuenez, egun indarrean dugun planeamendua zaharkitua geratu da. Indarrean dauden Arau Subsidiarioak duela hamar urtekoak dira. Aldiz, “gaur egungo Usurbilgo beharrak ez dira 2004an zeudenak. Zaharkituta geratu den tresna bat da. Horri aurre egiteko plan orokorra beharrezkoa dugu”. Eta horixe da, abiatu berri den parte hartze prozesu honekin landu nahi dena. Hasteko, Udalak egun indarrean dugun planeamenduaren inguruko diagnosia egin du. Hurrengo asteotan, diagnosi horren gainean iritzia eman edota ekarpenak egiteko aukera izango dute herritarrek.