Lesakako Beti Gazteren aurka jokatuko duten neurketarekin ekingo dio asteburuan 2014-15 denboraldi berriari, Usurbil FT-ko senior mutilen taldeak. Maila berrian gainera, Ohorezko Mailan. Eta entrenatzaile berri batekin; Mikel Rotetak utzitako postua beteko baitu aurrerantzean, David Muñozek. Bere etorreraz, eta taldeari datorkion denboraldiaz jardun dugu Muñozekin, lehen neurketa jokatu aurreko egunotan.
Usurbil FT-ra iritsi berria zara. Taldeaz ze inpresio duzu?
David Muñoz: Etorri aurretik ere ezagutzen nuen taldea kanpotik, aurkari bezala, eta jokalari batzuk entrenatu izan ditut, Hernanin gehienbat. Erreferentzia onak nituen, horregatik etorri naiz. Maila berrian lehiatzeko ilusioz, oso gogotsu eta lanerako prest dagoen talde bat aurkitu dut.
Ohorezko Maila ezagutzen duzu. Zer berezitasun ditu?
Urte asko daramatzat entrenatzen. Maila honetan gehienbat, Hernanin 6-7 urte egin nituen. Gipuzkoa mailan dagoen mailarik altuena da. Gorago heltzen ez diren jokalari onenak, bertan biltzen dira. Desberdintasun nagusia erritmoa izango da, erritmo oso altuan jokatzen da. Ez dira hain neurketa ikusgarriak izaten, baina askoz akats gutxiago dituen futbola ikusten da. Hori helarazten saiatuko naiz, horretara etorri naiz.
Beti esan ohi da, maila berri batean, lehen urtea zaila izaten dela...
Hernanik fitxatu ninduenean, iaz Usurbil zegoen mailara jaitsia zen. Fitxatu ninduten urtean igo ginen eta hurrengo urtea oso zaila egin zitzaigun, nahiz jokalari beteranoak eta maila ezagutzen zuen jendea izan. Aurreko urtean beste erritmo batean jokatzen zuten eta jauzia zen. Gogoan dut 9. jardunaldian azkenak ginela bost punturekin, gero egoera hari buelta eman genion. Oso ondo geratu ginen mailan, bi aldiz bigarren geratu ginen. Baina lehen urtea beti izaten da, airea hartzeko eta kokatzeko. Garrantzia handia emango diogu ondo hasteari, taldean lan egiteari.
Lehia urte berri honi begira, ze bitarteko ditu taldeak?
Talde hitza bera. Talde bat aurkitu dut, oso taldea dena. 25 bat jokalari izango ditugu, taldera oso ondo egokitu diren lau jokalari berri, 19 herrikoak, horrek asko esan nahi du. Igoera lortu zutenak, sari hori gozatzeko aukera merezi dute. Une txarrak izango direla jakin arren, talde izaten jarraitu eta hori ez puskatzea lortu behar dugu. Gu izanda lehiatzea. Ezin dugu partidarik galdu, irabazi behar gaituzte. Eta aurkariak hobeak badira, eskua eman eta kito. Ze maila emango dugun ez dakigu, baina pozik gaude ze talde homogeneoa osatu dugun.
Estreinaldia asteburuan Lesakan, Elgoibarkoak datoz gero etxera. Maila honetan finkatuak dauden aurkariak izango dituzue?
Kanpoan hasten gara. Kanpoan jokatzea beti zailagoa izaten da. Lesakako Beti Gazte, talde zail samarra, azken aldi honetan, oso ondo hasi izan den taldea da. Onena duguna da, beraiek ez dakitela zer aurkituko duten, guk ere ez. Orduan, sorpresa puntu hori eman dezakegu. Gero etxean, iaz hirugarren mailan zegoen talde bat egokitu zaigu. Nahiko talde berria, lehiakorra maila honetan, mailaz igotzeko helburu argia dutena. Guk ezin dugu larunbatetik larunbaterako hortatik haratago begiratu. Ia nola hasi eta noraino heltzen garen.
Lehen jardunaldiari begira, zein izango da taldeari helaraziko diozun mezua?
Berion lortu zen igoera partida hura bezalakoa dela datorren neurketa. Han hiru puntu zeuden jokoan, hemen ere bai. Orduan Santo Tomas Lizeokoen aurkako hil ala biziko partida zen, eta gure partida guztiek hala izan behar dute, azken neurketa balitz bezala. Gozatzeko puntu horrekin, presio gabe. Galtzen badugu, hurrengo astean beste aukera bat izango dugu. Alde horretatik, partida hau erdi historikoa izango da klubarentzat. Baina beste neurketa bat da. Asmoa irabaztea izango da, horretarako ari gara lanean. Oso motibatuta daude jokalariak. Batzuk ezagutzen dute maila hau, baina beste batzuk ez.
Maila berri batean estreinatuko den talde berri bat prestatzea zer nolako erronka da zuretzat?
Egia esan, normalean beste helburu bat izan duten taldeetan ibili izan naiz. Klubak ez du batere presionatzen. Kontua lan egitea da, ahalik eta gehien ematea, gero helburuak lortzen badira hobeto. Toki on batera etorri naiz, lan egiteko aukera ematen duena. Gozatzeko urtea da. Gure helburu gutxienekoa, maila mantentzea eta finkatzea da. Epe ertain eta luzera Usurbil erreferentzia izatea lortzea Gipuzkoan, futbol mailan.