VI. Topa Eszenikako ostiral honetarako proposamena, aktore ezagun talde batek, indarkeria sexistaren inguruan antzeztuko duten obra; "Hitzak", 22:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Sarrerak 6 eurotan salgai. Bina sarrera bikoitz zozketatuko ditugu, NOAUA! Kultur Elkarteko bazkideen artean. NOAUA!ko bazkide zaretenok, idatzi email bat erredakzioa@noaua.com helbidera. Zehaztu bertan zuen datuak eta zein antzezlan ikusi nahi duzuen. Antzezlan bakoitzaren sarrerak egunero zozketatzen joango gara, Topa Eszenikako egunetan. Animatu eta parte hartu!
Irailak 12, ostirala
22:00 “Hitzak (Hika Teatroa)” antzezlana Sutegiko auditorioan:
“Hiru emakume eta gizon bat. Eta umea. Emakume gaztea, maite duen gizonarekin ezkondu berria. Zorionaren ispilu. Emakume heldua, maite zuen gizonarekin aspaldi ezkondua, gatazka etengabean. Zorigaitzaren ispilu. Emakume zaharra, gizonik maite izan ote duen ahaztuta, zoramenaren ispilu, (baina ispiluaren atzean aske eta zoriontsu izan litekeela jakitun). Emakume gaztea ezkondu da maite eta desio duen gizonarekin, bizitza osoan zoriontsu izateko ilusioz. Emakume helduak jakinarazi nahi dio bera ere halaxe ezkondu zela orain urte batzuk, baina gero zerbaitek krak egin zuela harremanean. Emakume zaharrak berak egin zuen krak munduan gehien maite zuen pertsona galdu zuenean. Harrezkero, ez dio inori aholkurik ematen. Izar iheskorrak harrapatuz bizi da umearekin”.
Aktoreak: Klara Badiola, Ainhoa Aierbe, Ane Pikaza, Jabi Barandi eta Agurtzane Intxaurraga.
Sarrerak: 6 euro (egunean bertan).
Irailak 13, larunbata
22:00 “Etzi (Dar-Dar produkzioak)” antzezlana, Sutegiko auditorioan:
“Goizeko hamarrak dira. Bruno gurasoekin bidaian joan berri da. Rosak, amak, koaderno gorri bat eman dio Mattini, bere seme ttikienari, bertan bere sentimendu eta emozioak idatz ditzan gurasoak kanpoan diren bitartean. Etxera itzultzean, denek elkarrekin irakurriko dute. Mattinek ez daki zehatz-mehatz noiz itzuliko diren. Etzi esan diote, ez geroago. Mattin bere aitona Pedro eta amona Nataliarekin geratuko da denboraldi honetan. Brunoren ausentzian ordulariaren orratzak arrastaka dabiltzala dirudi. Guztiak berunaren kolore gris astuna hartu du eta kalean urdin koloreko euri umela ari du. Mattinek, Pedrok eta Nataliak azken urteetan Brunorekin bizi izandako hainbat pasarte gogoratuko dituzte”.
Aktoreak: Jose Ramon Soroiz, Pilar Rodriguez, Asier Oruesagasti, Gorka Zufiaurre eta Asier Zinkunegi.
Sarrerak: 6 euro (egunean bertan).
Antolatzailea: Antzerki Ekintza.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta EHAZE.