Bi enpresari atxilotu dituzte, langileen eskubideen aurkako ustezko delitu bategatik

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 15a, 07:00

Piper bilketan langileak irregulartasun egoeran izateagatik, Usurbil eta Aginagako enpresari bana atxilotu dituzte, hedabideek berri eman dutenez. Ustez, langileen eskubideen aurka aritu izana leporatzen zaie.  Atxiloketok, aldi baterako nekazal lan jardueren gainean egiten dituzten kontrol saioen baitan kokatzen ditu, Espainiako Gobernuko Delegazioak. Gipuzkoako bost enpresarirentzat lanean ziharduten 58 lagun identifikatu dituzte. Horietatik 27 senegaldarrak dira, 24 errumaniarrak, bi Hondurasekoak. Gainerakoak, Ecuador, Argelia, Burkina Faso eta espainiarrak. Hauetatik 24 lagun lan kontratu gabe ziren, eta Gizarte Segurantzan alta eman gabe. Isunak jartzeaz gain, ikerketa bat abiatu dute, langileen eskubideen aurkako ustezko delituen aurrean, enpresariok izan dezaketen ardura zehazteko.