Udalbiltzaren eta Kontseiluaren arteko lan hitzarmen berria

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 16a, 12:57



Zumetaren muralaren parean, Mikel Laboa plazan aurkeztu dute Udalbiltzak eta Kontseiluak sinaturiko lankidetza hitzarmen berria. Elkarlan horren baitan, "Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoak 10.000 euro emango dizkio Kontseiluari, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren bitartez lana gauza dezan. Udalbiltzak, gainera, udaletara igorriko ditu biltzen dituen kexak, udal arloari badagozkio.

Behatokiak, urteko txostenean, hizkuntz eskubideen egoeraren diagnostikoa egiten du herritarrek euskararen telefonoaren bidez bidalitako kexak azterturik. Orobat, bilerak egiten ditu zenbait erakunderekin, txostenaren ondorioez hitz egiteko.

Behatokiak, bada, txosten berariazko bat aurkeztu dio Udalbiltzari, toki administrazioei dagokienez 2013an jasotako kexak biltzen dituena, eta udaletan herritarren hizkuntz eskubideak bermatzerakoan antzemandako gabeziak adierazten dituena. Beraz, txosten hori lan tresna garrantzitsua da udaletako hautetsientzat, toki administrazioan euskararen normalizazioaren aldeko lana aztertzen eta hobetzen lagunduko baitu".