Irekita eta larunbateko inaugurazioaren zain, ikastolako eraikin berria

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 17a, 12:11

Larunbat eguerdiko 12:00etan inauguratuko dute Udarregi Ikastolako eraikin berria. Kanpotik ikusgarria bada, barruko azpiegitura berriak, hezkuntza proiektu berritzaile bat abian jartzeko espazioan egin dituzten birmoldaketak are ikusgarriagoak dira. Irailaren 20an zuen begiekin gertutik ikusteko aukera izango duzuen arren, albiste honetan atxikita doazkizue aurrerapen moduan, instalakuntza berrion zenbait irudi.

Ikastolatik, poztasun handiz larunbateko inaugurazio ekitaldira gerturatzeko gonbita luzatzen dute:

ERAIKIN BERRIA INAUGURATUKO DUGU!!!!

Albiste pozgarria dugu!:  Eraikin berria irailaren 20an inauguratuko dugu!

Urte osoa eraikuntza lanetan pasa eta gero, 2014-2015 ikasturtean eraikin berriaren ateak ireki ditugu, eta zuekin eta herritar guztiekin partekatu nahi dugu gure ilusio eta poza!

Hau dela eta, IRAILAREN 20AN, larunbata, eguerdiko 12:00etan egingo dugun ekitaldira gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan, instalazioak ikusteaz gain, aukera izango duzue prestatzen ari garen egitarauaz gozatzeko.

Ez hutsik egin! Zuen zain gaude!