Eskoziako bandera zintzilik udaletxean, egun historiko honetan

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 18a, 10:46


Egun historikoa irailaren 18 hau, herrien erabakitzeko eskubideari dagokionez. Eskoziarrek dute hitza gaur, euren etorkizuna erabaki ahal izango dute, erreferendum bidez. 

Galdeketa egun honetan, Eskoziako bandera zintzilikatu du Usurbilgo Udalak, herriko etxeko balkoi nagusian, "gure babesa adierazteko", "Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta Eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan".

Eskoziako bandera zintzilikatzearekin batera, eskoziarrak zoriondu nahi ditu Udalak, NOAUA!ra helarazitako ondoko testuan aipatzen duten moduan, "libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari den ariketagatik":

Eskoziar herriari agurrik beroena
Urteetako ibilbidearen ondoren, Eskoziar herriak bere etorkizuna libreki erabakiko du datorren irailaren 18an. Eskozian, bertako herritarrek hartuko dute hitza; eta herritarrak izango dira, Eskoziak zer nolako antolaketa politikoa izan behar duen erabakiko dutenak.

Irailaren 18an Eskozian egingo den erreferendum-a, herrien askapen prozesuen ibilbidean beste urrats garrantzitsu bat izango da. Eskoziarrak, dagoeneko beren herriaren etorkizunaren jabe dira, eta laister batean, Katalunia, Euskal Herria eta munduko hainbat naziok ere eskubide hori egikarituko dugu. Herrien askatasunaren aldeko atzeraezineko prozesu bat abian dagoelako mundu mailan.

Egun historiko honen aurrean, honako adierazpen hau egin nahi dugu Usurbilgo Udaletik:
1-Eskoziar herria zoriondu nahi dugu, libreki etorkizuna erabakitzeko burutzen ari den ariketagatik. Herri orok duen eskubidea praktikara eraman da.
2-Munduko herri askeen historiarako geratuko den data izanik, eta Eskoziar herritarrak beraien etorkizuna libreki erabakitzen ariko diren egunean bertan, gure babesa adierazteko, Eskoziako bandera jarriko dugu instituzioaren fatxada nagusian.

Usurbilgo Udala, 2014ko irailak 8