Futbol Eskolan izen emateko aukera gaur


Parte hartzeko asmoa dutenek, Usurbil FT-k finkaturiko egun eta orduotan eman beharko dute izena:
Irailak 18, osteguna: 17:00-19:00 Haranen eta frontoian.
Irailak 20, larunbata: 11:00-12:30 Oiardo Kiroldegian.
Irailak 21, igandea: 11:00-12:30 Santuenean.



Oiardo Kiroldegiko eskaintza
2014-15 ikasturterako kirol eskaintzaren berri eman du Oiardo Kiroldegiak. "Aurtengo eskaintza zabalagoa da, bai ikastaro aldetik, bai ordutegi aldetik", aditzera eman dutenez. Informazio gehiago, Oiardo Kiroldegian edo 943 37 24 98 telefono zenbakira deituta.

-Lehorreko ikastaroak: zumba, aerobik-step, pilates, gimnasia, spinning, 3. adineko gimnasia eta berriak combigym, lasterketa-tonifikazioa eta gap.
-Igerilekuko ikastaroak: haurtxoak, uretan moldatzea, ur ludoteka, igeriketa eskola, hastapena eta hobekuntza (helduak) eta berriak, igeriketa gidatua eta haurdun igeriketa.



Emakumeentzako pala ikastaroa
Pilota Elkarteak antolatuta, Usurbilgo Udalaren laguntzaz. Izen ematea zabalik irailaren 26ra arte, 943 372 498 edo kirola@usurbil.net helbidean. Taldea osatzeko gutxienez 5-6 kideek eman behar dute izena, gehienez zortzi lagunek. Ikastaroan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez palan aritu izana. Ikastaroko saioen ordutegia:
-Astelehenetan: 19:30-21:00.
-Asteazkenetan: 9:30-11:00 edo 19:30-21:00.


Emakumeei zuzenduriko ahalduntze ikastaroa berria
“Krisi eta doluen aurrean ahalduntzea” izeneko ikastaroa antolatu du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Tailerra irailaren 25ean hasi eta abenduaren 18ra artekoa izango da. Saioak, ostegun arratsaldero, 17:30etatik 19:30etara Bake Epaitegi atzealdeko lokalean, Pepa Bojo psikologoaren eskutik. Doan eman daiteke izena irailaren 22ra arte, Udaleko Parekidetasun Sailean; 943 377 110 telefono zenbakira deituta edo parekidetasuna@usurbil.net helbidera mezu bat idatzita.

“Krisiak aldaketa esan nahi du, berregituraketa. Zenbaitetan krisiak existentzialak dira eta beste batzuk, bat bateko aldaketek eta/edo galerek eragindakoak. Nolanahi ere, krisi eta/edo dolu prozesuetan norberaren burua hobeto ezagutzeko, baliabide pertsonalak garatzeko eta geure burua ahalduntzeko aukera daukagu. Tailer honetan, adin desberdinetako emakumeok izan ohi ditugun krisi ohikoenak aztertu eta hauek nola kudeatzen ditugun hausnartuaz, norberaren burua ahalduntzeko eta sendotzeko tresnak eta baliabideak eskainiko dira”, iragarri dute antolatzaileek.



Batukada feministaren ikastaroa
Izen ematea zabalik, irailaren 30era arte. Apuntatzeko, deitu 943 377 110 telefono zenbakira edo idatzi parekidetasuna@usurbil.net helbidera. Mezuan, izen abizenak, helbidea eta harremanetarako telefono zenbaki bat zehaztu. Saioak urritik abendura, egunotan; urriaren 4an eta 18an, azaroaren 15 eta 29an eta abenduaren 13an.



Afrikar dantza mandingeak
"Aupa gazte! Laster, afrikar erritmoak izango ditugu berriz entzungai gaztetxean", iragarri dute antolatzaileek. Afrikar dantza mandingeen ikastaroa urritik aurrera, asteazken arratsaldetan, 19:00etatik 21:00etara Usurbilgo Gaztetxean. Irakaslea: Pierre Cece Koly Camara. Prezioa, hilean 28 euro. Izena emateko deitu 627 285 904 telefono zenbakira edo idatzi email bat, usurbilgogaztetxea@gmail.com helbidera. Antolatzaileen oharra; ikastaroko ordutegia behin behinekoa da, behin betiko ordutegia talde kideen artean erabakiko da.



Dantza Taldea
Ikasturte berrian egoitza berria Usurbil Dantza Taldekoentzat. Aurrerantzean, Oiardo Kiroldegian kokatuko da dantza zaleen bilgunea. Leku aldaketa betean diren honetan zabaldu dute bestalde, 2014-15 ikasturte berrirako izen ematea. Apuntatzeko idatzi email bat, dantzataldea@usurbil.com helbidera. Dantzariaren izen abizenak eta taldea zehaztu, maila haurren kasuan. Izen emateko beste modu bat, antolatzaileengana jotzea. Bi egunotan eman ahalko da izena, Dantza Taldekoen egoitza berrian, Kiroldegi sarrera ondoan, eskuin aldera sartuta; irailaren 19an eta 24an, 17:00-19:30 artean.

Taldeak eta ordutegiak
Irailaren 29an abiatuko dute ikasturte berria, Usurbil Dantza Taldekoek. Dantza garaikideko kideak izan ezik, irailaren 15az geroztik martxan baitira. Denboraldi berrirako duten eskaintza ikusita, argi dago; Usurbilgo dantza mugimendua indartzen ari da. Hona hemen sortu asmo dituzten taldeak eta entsegu saioen ordutegiak:
-Haurren dantza taldea: entsegu saio eguna finkatzeko, bilera irailaren 26an, 18:00etan Oiardo Kiroldegiko entsegu saioan.
-Dantza garaikidea: astelehenetan 19:30-21:00 (Udarregiko erdiko aretoan).
-Erromeria taldea: asteazkenetan 19:30-21:00 (Udarregiko erdiko aretoan).
-Dantza talde tradizionala: apuntatutakoen artean zehaztuko da ordutegia.
-Saloi dantzak: apuntatutakoen artean zehaztuko da ordutegia.


 
Kantu Taldekoen itzulera
2014-15 denboraldia abiatzeko bi hitzordu deitu ditu Usurbilgo kantu zaleen bilguneak. Hasteko, lehen entsegu saioa. Ohi bezala, irailaren 23tik aurrera asteartero bilduko dira 18:30etatik aurrera Udarregi Ikastolan. Ikasturteko lehen kantu-jira berriz, Argia Egunarekin egokituko den iraileko azken larunbatean, hilaren 27an. Arratsaldeko 19:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta.



EPA-n matrikulatzeko aukera zabalik
18 urtetik gorako Usurbilgo Helduen Hezkuntza eskoletan parte hartzeko, izen emateko epea zabaldu dute. Besteak beste, DBH-ko titulua eskuratu, informatika klaseak jaso edota ingeleseko mintza praktika saioetan parte hartu daiteke. Argibide gehiagorako: 943 366 608 edo epalasarte.es



Matrikulazioa zabalik euskaltegian

“Euskara praktikoa” lemapean, euskara ikastera animatzen dute Etumeta-AEK euskaltegitik. Hauxe ikasturte berrirako eskaintza: euskalduntze ikastaroak, autoikaskuntza, Mintzalagun… Izen emateko eta informazio gehiago euskaltegian:


Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.

Nagusia, 43

607 609 379.
usurbil@aek.org
muntteri.blogspot.com.es



Hitz Aho
Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak, gurasoen formazioa sustatzeko, tailer batzuk iragarri ditu Nerea Mendizabal psikologoarekin. HH eta LH 1-4 arteko haurren gurasoei zuzenduak egongo dira. LH 5-6 eta DBH-ko gurasoentzat beste tailer mota bat antolatzen ari dira. Izen emateko epea irailaren 19an zabalduko dute, hitzaho@udarregi.com helbidean, edota Udarregi Ikastolan.



KzGunea
Abuztuan itxita egon ostean, irailean goizez irekiko dute Kz Gunea; 9:00etatik 13:00etara. Datozen asteotarako ikastaro hauek iragarri dituzte:

Irailaren 29an, 9:00-11:00 artean: OpenOffice Writer: Oinarrizkoa.
Irailaren 30ean, 9:00-11:00 artean: OpenOffice Writer: Aurreratua.
Informazio gehiago: 943 023 684, tutor.usurbil@kzgunea.net



Ziortzatik Urdaiagara
DBH 1, 2, 3 eta 4. mailako ikasleentzako irailaren 26tik 27ra Urdaiagara gaua pasatzera joateko irteera antolatu du Ziortzak. Hilaren 26an 18:00etan abiatuko dira eta biharamunean bazkal ordurako bueltan izango dira. Eraman beharrekoa; afaria, esterila eta lotarako zakua.  Izen emateko deialdia ostiral honetarako, irailaren 19rako finkatu dute, 18:00etatik 20:00etara Parrokian. Helbide honetan ere apuntatu daiteke; ziortzage@gmail.com. Izen emate orriak irailaren 26ko txangora eraman beharko dira.

Ikasturte hasiera
DBH 1 eta DBH 3 mailek urriaren 3an abiatuko dute ikasturtea. Urriaren 10ean, DBH 2 eta 4 mailetakoek.