Sarean 173 izen emate jada, igandeko Baxurde Krosserako

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 19a, 09:17



173 lasterkari apuntatu dira jada, kirolprobak.com atarian. Baina oraindik gehiago ere hazi daiteke, igande goizeko 11:00etatik aurrera ospatuko den VII. Baxurde Krosserako parte hartzea. Aipatu web orrialdeko inskripzio epeak zabalik jarraituko baitu, larunbat gaueko 22:00ak arte. Aipatzekoa, azken egunotan izen emate kopuruan izan den gorakada nabarmena. Aste hasieran 73 lasterkari baino ez apuntatuta. Ostiral goiz honetarako, 173 ziren. Usurbildar asko tartean. Zer esanik ez Donostialdetik zenbat jende apuntatu den. Gipuzkoako beste hainbat txokoetako lasterkariak ere espero dira Usurbilen, igande goizean. Bilbo, Amorebieta, Gasteiz baita Gandiakorik ere.

Gogoan izan, 350 lasterkarirentzako lekua dagoela Baxurde Krossean. Izen emateko, sartu kirolprobak.com atarian. Lasterketan parte hartzeko prezioak, honako hauek dira: txip horiarekin, 10 eurotan. Txipa alokatuta, 12 euroren truke. Baxurde Krossean apuntatu zaretenontzat antolatzaileen oharra: "Dortsala eta txipa lasterketa egunean bertan banatuko dira frontoian, Mikel Laboa plazaren ondoan, goizeko 09:00etatik aurrera". 

Irteera, 11:00etan
Iaz bezala, bi ibilbide dituzue aukeran; bat motza, 5,2 kilometrotakoa. Bestea honen bikoitza, 10,75 kilometrotakoa. Lasterkari guztiek, Mikel Laboa plazan kokatuko den irteera gunean prest egon beharko dute, irailaren 21ean, goizeko 11:00etan. Ordu horretan abiatuko baita, Kaxkoa, Santuenea, Zubieta edota Kalezar zeharkatuko duen kirol proba. Hauxe, kirolariek osatu beharko duten ibilbidea: Ibilbidea

Urtero moduan, sari potoloak proba amaieran. Sari bana, helmugara iritsitako lehen hiru gizon emakumeentzat. Partaide guztientzat, "poltsa serigrafiatua, sagardo botila 1, EtxeOndo galtzerdiak eta Fullgas etxeko gela". Eta zozketa ugari: 
- Kentuene jatetxean bi lagunentzat otordua.
- Atxega jauregian bi lagunentzat otordua.
- Patri jatetxean bi lagunentzat otordua.
- Artzabal jatetxean bi lagunentzat otordua.
- Arrospide banaketak eskeinitako kutixi lotea.
- Kirolari profesionalek sinaturiko arropa.