Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu da hilero moduan, iraileko azken ostiral honetarako, hilaren 26rako, 20:00etan Mikel Laboa plazan. Berezia izango da etziko mobilizazioa. "Joan den astean presoen bisitatik bueltan zetozela senide batzuk izandako istripu larriaren harira, elkarretaratzean antzeko kasuan izan diren hainbat herrikideei protagonismoa emango diogu. Izan ere, presoen bisitara zihoazela edo itzultzerakoan istripuak jasan zituzten zazpi usurbildar baditugu. Horietatik batzuk zaurituak gertatu ziren (bat nahiko serioski). Dispertsioaren amaiera exijitzeko beren hitzak entzun ahal izango ditugu ostiralean", iragarri dute, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik.
Iragan astean izandako presoen senideen azken istripuaren harira, Etxerat-ek honako oharra kaleratu du:
Dispertsioaren aurrean, tolerantziarik ez!
Honelako istripuak ez dira besterik gabe gertatzen. Ez dira kasualitatea, kausalitatea baizik. Eta hau argi eta garbi azaldu nahi dugu: dauden tokian daudela ere, gure senideak bisitatuko ditugula erabaki dugu. Senideak maite ditugu eta gure eskubidea da, baita haiena ere. Erabakia, beraz, gurea da, baina erantzukizuna ez. Senideak ikusteko eskubidea gauzatzeko astero ehundaka kilometro egiteko erantzukizuna eta bidaiak egiteko baldintzen erantzukizuna ez dira gureak.
Gure bidaiak bermerik gabe, tentsioz beterik eta presiopean burutzen dira. Eta hauxe adierazi nahi dugu ozenki: bidaiak ez ditugu egiten oporretara, lanera edo gozamen bila joateko, edo beste zereginik ez dugulako. Bidaiak behartuta egiten ditugu.
Bidaia luzeak egiteko baldintzak guztiz egokiak dira honelako istripuak gerta daitezen, Euskal Herritik urruti dauden espetxeetarako bidaietan gure bizitza etengabe arriskuan baitago. Puerto, Algeciras edo Clairvaux-era joateko 12 orduko bidaia egin behar dugu, eta 12 orduko bidaia etxera itzultzeko. Estatuko errepideetan batetik bestera 25 urte eman ditugu jadanik, eta politika hiltzailea den sakabanaketak hamasei senide hil ditu. Sakabanaketa mendeku hutsa da, krudela da eta oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, eta sakabanaketaren ondorioz 16 senide hil dira eta ehundaka zauriturik suertatu dira. 2014ko errepide istripuen bataz bestekoa ikaragarria da, bederatzi hilabete hauetan bederatzi istripu izan direlako.
Giza eskubideak ez dira erosten, ezta saldu ere. Ez dira negoziazio bitxien eztabaidagai eta ez dira komenientzia politikoen arabera onartu edo ukatu egiten den zerbait.
Aski da! Giza eskubideak defenda itzazue. Giza eskubideak persona guztientzat.
Etxean nahi ditugu!