Orioren ostean, Usurbilen esku Kilometroak 15 antolatzea

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 26a, 14:05


Badator Orioko Kilomeroak 2014, "eta gu ere bagoaz KMK 15 ekimena gorpuzten! Poliki-poliki KMK15 antolakuntzan murgiltzen hasiak gara, batzorde ezberdinak osatuz, urteko ekimenak zehaztuz eta beste hainbat urrats emanez", Usurbilgo antolakuntza taldetik berri eman dutenez. 

Ez ahaztu, urriaren 5ean Usurbilek hartuko du 2015eko Kilometroak antolatzeko lekukoa, Orioko ikastolan egingo den ekitaldi batean. "Une horretatik aurrera, Udarregi Ikastolara eta Usurbilera igaroko delarik KMK15 antolatzeko aukera ederra. A ze irrika duguna lekuko hori esku artean izateko!", Usurbilgo antolatzaileen esanetan.

Laguntza behar da
Urtebete barru, milaka euskaltzaleren topagunean bihurtuko den udalerri honetako prestaketa lanak hasiak dira aspaldi. Auzolana izango da antolatzaileen esanetan, datozen hileotan bideratu beharreko prestaketa lanen zutabe nagusia. Hainbat herritar animatu dira jada auzolanera. "Auzolan honen isla, orain arte KMK15en antolakuntzen islan laguntzeko izena eman duten guraso, ikasle, irakasle, herritar eta abarrak. Eskerrik asko eta biba zuek! Oraindik izena emateko aukera izan ez duzuenoi berriz, auzolan honetan parte hartzera bultzatu, bai zuei eta baita zuen ingurukoei ere", luzatu dute gonbita.

Kilometroak 15 antolatzeko hainbat lan talde osatu dira. Eta laguntza behar da. Une honetan, behar handienak arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan daude. Taldeotan eta gainerakoetan parte hartzeko deia luzatzen zaie usurbildarrei. Izen emate inprimakia, udarregi.com atarian eskura dezakezue. Argibide eta informazio gehiagorako, hona hemen Udarregi Ikastolako idazkaritzako telefono zenbakia: 943 36 12 16.

Auzolan deialdia larunbaterako
Irailaren 20an burutu zen eraikin berriaren inaugurazioan ikastolatik auzolan talde indartsu bat osatzeko gonbita luzatu zuten, albiste honi atxikita dagoen bideoan entzun daitekeen moduan. Laguntza beharko da eta, bai 2015eko Kilometroak egunez, baita aldez aurretik ere, urtean zehar bideratuko diren prestaketa lan eta beste hainbat ekimenetarako ere.

Larunbat honetarako adibidez. "Zazpi pertsonako lan-talde bat elkartu nahi dugu Udarregi eraikineko biltegia husteko. Biltegi hori, Kilometroak 2015eko arropa gordetzeko erabili nahi baita", ikastolatik berri eman dutenez. Auzolanerako hitzordua, larunbat honetan, irailak 27, goizeko 9:00etan. 

Lehen bilera irekiak
Kilometroak 15 ekimenari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, ekimena bera ezagutu, helburuak, funtzionamendua, sortu diren batzordeen zeregina... Adi, lehen bilera irekiak deitu baitituzte urriaren 10 eta 11rako. Hauexek dira hain zuzen, Usurbilgo Kilometroak 15-i loturiko lehen deialdiak:

Irailak 27, larunbata
09:00 Udarregi Ikastolako biltegia husteko auzolan deialdia. 

Urriak 5, igandea
12:00
 Orioko Kilometroak egunez, Usurbil eta Udarregi Ikastolaren lekuko hartzea, Orioko ikastolan burutuko den ekitaldian.

Urriak 10, ostirala
19:00
Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.

Urriak 11, larunbata
11:30
Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.