Kantu batekin hasi da Argia Eguna. Olatz Kortak halaxe egin die harrera goizean goizetik frontoi aldera bertaratu diren guztiei. Aurretik, Hernani aldeko gazte koadrila bat aritu da fanfarre doinuekin herria alaitzen. Olatz Kortaren saioa eta gero, Axier Lopezek hartu du hitza. Kazetaritza zintzoa, konprometitua eta independentea dela Argiako kazetarien hautua. Urte asko ditu Argia astekariak, baina paperetik haratago doa Argiaren presentzia. Jarraitzaile ugari dituzte sare sozialetan baina, hala ere, "jendearekin egoteko" antolatu dute Argia Eguna. Eta horretarako ere, aproposa dator eguna. Hitz horien ondoren, oholtza gainera igo dituzte Usurbilgo Argiaren Lagunak taldeko kideak. Opari bat jaso dute, euren argazki batekin osatutako portada modukoa, eta denen izenan Joxemari Irazustak hartu du hitza. Garai txarrenetan, Usurbilen eta Usurbildik aparte ere, jende askok babestu izan duela Argia. Bideo honetan dituzue Irazustak frontoian zirenei eskaini dizkien hitzak.