Kilometroak jaialdirako prest dena Orion

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 29a, 09:30

Gonbita egina dago; “Urriaren 5ean egun eder bat pasatzera etorri”. Oriotarrak urriaren 5ean milaka euskaltzale eta ikastola zaleei harrera egiteko prest eta irrikitan dira jada, ostiral goizean Ikastolen Elkarteko Egoitza Nagusian antolatzaileek burutu zuten agerraldian adierazi zutenez. Ekitaldian parte hartu zuten, Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak, Kilometroetako Koordinatzaile Orokor Eñaut Telleriak, Orioko Herri Ikastolako lehendakari eta zuzendari Gemma Etxabek eta Zigor Saizarrek hurrenez hurren, eta Kilometroak 2014ko koordinatzaile Joseba Orellak. Egitarauaren nondik norakoak, ibilbidearen berri, eta oro har, “Erria Txikota!” lemapean ospatuko den jaialdiko zehaztasunen informazioa eskaini zuten. Ondoko bideoan dituzue, antolatzaileen adierazpenak.

Urte osoko herri-lanaren ostean, oriotarrei fruituak jasotzeko unea heldu zaiela adierazi eta urriaren 5eko jaia, “etorkizuneko erronkak betetzeko hazi berria” izango dela ere gaineratu zuten.

Bertako taldeen aldeko apustua
5 gune nagusi izango ditu jaialdiak; ikastola, San Martin eta hondartza inguruak, eta autopista azpia eta Kiroldegi buelta lotuko dituen 5.632 metroko ibilbidea.

Kontxako bandera irabazteko Donostian ospatu ohi diren probek duten luzeera berdina izango du ibilbideak, bitxikeria moduan antolatzaileek aurreko ostiraleko agerraldian nabarmentzen zutenez. Bost gune aipatu moduan, eta ekitaldi mordoa; Skasti, Enkore, Anje Duhalde, Esne Beltza, Zea Mays, Willis Drummond, Gozategi edota Triki Ta Ke taldeen kontzertuak; Gipuzkoako 20 ikastolek parte hartuko duten Erronka ekimenaren bigarren edizioa; haurrentzako ikuskizunak; indartua datorren eskaintza ibiltaria, batukada, txaranga, erraldoiak, trikitilariak, joaldunak; jan edana... Goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte, festa egun handia Orion.

Egitarauko eskaintzaren bi heren eskualdekoa izango da. Eskualdeko eta bertako taldeen aldeko apustua egin nahi izan dute Orioko antolatzaileek. “Jaia Oriora ekartzeaz haratago, Oriotik eraikitzearen ideia” sustatu nahi izan dute. Hala, ikastolako guneko eskaintza osoa herritik eraiki da. Gainerako guneetan ere, emanaldiren bat gutxienez bertakoa izango da.

Jai jasangarriaren alde
Urriaren 5ean Orion, “jaia ahalik eta modurik jasangarrienean garatzeko ahalegina” egin nahi dute. Edalontzi berrerabilgarriak etxetik eramateko deia luzatu dute antolatzaileek. Edalontziok itzultzeko aukera egongo da Kilometroak egunean; euro baten, edo “Aukeran garbian edan” dioen txapa baten truke. Bestalde, egunean zehar banatuko diren jakiak ontzi konpostagarrietan banatuko dituzte, mahai tresneria barne.

Sortzaileei omenaldia
Ikastolako lehen belaunaldiko gurasoak eta Anjel Lertxundi omenduko ditu Orioko Kilometroak jaialdiak. Irekiera ekitaldian, jaialdiko sortzaile Josu Erguin eta Antonio Campos Orioko Herri Ikastolako Lehendakariak hartuko dute parte. Bestalde, Kilometroak lagunkoia delako proiektua sustatu dute Orion. Herriko adinduen istorio, esamolde eta bizipenekin, ibilbidean zehar ikusgai egongo diren 9 informazio panel osatu dituzte.

Orioko urriaren 5eko jaialdiko zehaztasun guztiak, egunotan jaso ahalko dituzue, kilometroak.net atarian.