Usurbil, Orioko Kilometroak-en lotunea

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 29a, 09:15


Urriaren 5ean Orion ospatuko den Kilometroak-era joateko autoa etxean utzi eta autobus edota tren zerbitzuak baliatzeko deia luzatu dute jaialdiko antolatzaileek. Zarautzekin batera, Usurbil izango da Orioko Kilometroetara joateko lotune lanak egingo dituen udalerria. Autoentzako aparkaleku izango dira Urbil merkatal gunea eta Belartza ingurua, eta baita Zarautz ere. Autoz dabilenak guneotan utzi beharko du ibilgailua eta hortik une oro autobus zerbitzuak izango dira Oriorantz, eta baita gero, Oriotik itzultzeko ere.

N-634 itxita
Adi, N-634 itxita egongo baita Usurbil eta Zarautz artean. Honenbestez, urriaren 5ean autoa hartu behar baduzue, larrialdi egoerak salbu, ezingo duzue baliatu Usurbil eta Aginagatik igarotzen den aipatu errepidea. Bide horretan, Urbil eta Belartzatik datozen autobusak baino ez dira igaroko, baita Lurraldebuseko zerbitzuak ere. Oriorako joan etorria egiteko, Euskotrenek autobus eta tren zerbitzuak indartuko ditu urriaren 5ean.

N-634 bakarrik ez, A-8 autopistan Zarauzko noranzkoan, Oriorako sarrera itxita egongo da baita, Kilometroak egunez, 08:30-20:30 artean.