Iraileko osoko bilkurarekin, martxan legegintzaldiko azken urtea

Noaua Aldizkaria 2014ko ira. 30a, 09:01




Uda osteko lehen osoko bilkura burutu berri da gaur arratsaldean. Ikasturte berriko lehen saio honekin, legegintzaldiko azken urtea martxan da.

Aurreikusi bezala joan da astearte honetako plenoa. Gehiengo osoz edo aho batez onartu dira gai zerrendako puntu guztiak. Azken orduko aldaketa, proposamen moduan, PSE-EEren aldetik etorri da. Erregistratua zuen irailaren 30 honetan bertan aurkeztekoa zen mozio bat, alkateak zuzenean hautatzearen ingurukoa. Testua aztertzeko unea heldu denean ordea, gai bera hizpide nagusi izan eta segidan EH Bilduk aurkeztu behar zuen testua puntuz puntu bozkatzea proposatu dio udalbatzari Ricardo Crespo bozeramaile sozialistak. Bere eskaera onartzen bazen, PSE-EEren mozioa bertan behera utziko zuela iragarri du. Proposamena aintzakotzat hartua izan da, eta esandakoa, alkateak zuzenean hautatzearen gaia hizpide zuen EH Bilduren mozioa bozkatu da puntuz puntu.

2015eko taxi tarifetan igoerarik ez
Gainerakoan, labur, 2015erako taxi tarifen proposamena aztertu du udalbatzak. Datorren urterako tarifak bere horretan mantentzea onartu dute aho batez. 2015ean honenbestez, igoerarik ez aplikatzea alegia. Kutxabank-en inguruko mozioa, Atalluko Plan Partzialaren 4. aldaketa eta Zubietako Eskola Txikia handitzeko lanen inguruko hitzarmena egokitzea ere onartu du udalbatzak, gaur arratsaldean burutu den osoko ohiko bilkuran. Hona hemen, gai bakoitzean izandako bozketen emaitzak:

- 2014/0606 dekretua berrestea: Donostiako eta Usurbilgo Udalen arteko hitzarmena onartzea Zubietako Eskola txikia handitzeko eta bi udalen arteko “ZU.03 Zubietako Zabalpenaren gainean akordio bat iristeko oinarriak” izeneko hitzarmenaren egokitzapena. 
Bozketa: aho batez onartua.

- Atalluko Plan Partzialaren 4. aldaketaren behin betiko onespena.
Bozketa: EH Bildu eta PSE-EE alde. Abstentzioa: Hamaikabat eta EAJ-PNV.

- Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako eraikuntza eta erabilera ordenantzen aldaketaren hasierako onespenari aurkeztutako alegazioak erantzutea eta aldaketa behin betikoz onartzea.
Bozketa: EH Bildu, PSE-EE eta Hamaikabat alde. Abstentzioa: EAJ-PNV.

- 2014 urterako Usurbilgo herri barruko taxien tarifa berriak onartzea.
Bozketa: aho batez onartua.

Galderak, eskaerak eta mozioak:
- EHBilduk aurkeztutako mozioa: Kutxaren eta Kutxabanken izaera publiko eta soziala. 
Bozketa: EH Bildu alde. Aurka: Hamaikabat, EAJ-PNV eta PSE-EE.

- PSE-EEk aurkeztutako mozioa: LOREG-aren aldaketari buruzkoa, alkateak zuzenean hautatzearen inguruan.
Bozketa: ez da bozkatu.

- EHBilduk aurkeztutako mozioa: Alkateen aukeraketa zuzenerako proposamenaren aurrean. 
Bozketa: Puntuz puntu bozkatu da. Lau puntuetatik hiru aho batez onartu dira, eta beste batean, udal talde guztiak alde agertu dira, PSE-EE izan ezik, aurka bozkatu baitu.