Iraileko osoko ohiko bilkura burutu zen atzo. Eguneko gai zerrendan, alkateen aukeraketa zuzenerako Espainiako Gobernuak eginiko proposamenaren aurrean, mozio bana aurkeztekoak ziren PSE-EE eta EH Bildu. Lehenbizi, sozialisten txanda izan zen. Ricardo Crespo bozeramaileak hitza hartu zuenean ordea, azken orduko aldaketa bat egitea planteatu zuen. EH Bilduk aurkezturiko testua puntuz puntu bozkatzen bazen, berak PSE-EEren testua bertan behera utziko zuela iragarri zuen. EH Bilduk bere mozioa puntuz puntu bozkatzeko arazorik ez zuela eta, azkenean, koalizioak aurkezturiko testua soilik onartu zen. PSE-EErena ez zen bozkatu.
Hauxe da EH Bilduren mozioak dioena. Puntu bakoitzari, segidan udal ordezkarien bozketen emaitza erantsi diogu:
1-Udal honek, Madrilgo Gobernutik PP-k alkatea zuzenean zerrendarik bozkaturiko zerrendaburua izendatzeko burutu nahi duen Lege Aldaketaren aurkako jarrera adierazten du. Udal eta herritarren interesen gainetik, PPren alderdi interesei erantzuten dielako. Norabide horretan, udal honek, interes alderdikoiek sustaturiko Hauteskunde Legearen edozein aldebakarreko aldaketa errefusatzen du.
Bozketaren emaitza: aho batez onartua.
2-Udal honek, Euskal Herriko udal eta toki entitateen borondatea errespetatu eta gure egitura instituzionala inposaketa eta murrizketarik gabe, Euskal Herritarren beharren arabera antolatzeko eskubidea aldarrikatu nahi du.
Bozketaren emaitza: EH Bildu, Hamaikabat eta EAJ-PNV alde. PSE-EE aurka.
3-Udal honek, bere jardueran herritarren partehartzea eta demokrazia zuzenerako tresnak martxan jartzeko konpromisoa hartzen du, udalaren osaketan ezezik udaleko erabaki garrantzitsuenen aurrean ere.
Bozketaren emaitza: aho batez onartua.
4-Udal honek, ebazpen honen berri, herritarrei eta Madrilgo Gobernuari emateko erabakia hartzen du.
Bozketaren emaitza: aho batez onartua.