Urte berria hastearekin, bateko eta besteko prezioak garestituko direla entzutera ohituak gaude. Baina ez da beti hala izaten. Berri on bat; 2015ean taxi zerbitzua baliatu behar duzuenok, urte honetan zehar ordaintzen duzuen diru kopuru bera xahutuko duzue urtarriletik aurrera ere. Datorren urteko taxi tarifak bere horretan mantentzea, igoerarik ez aplikatzea aho batez onartu zuen udalbatzak, atzo arratsaldean burutu zen osoko ohiko bilkuran.
Udalbatzak hartutako erabakia, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari helaraziko dio Udalak, "behin betiko onespena eman dezan". Baita herriko bi taxi titularrei, G. TAXI Gipuzkoako Taxien Elkargoari, AGITAXi, Foru Aldundiko Garraio Departamenduari eta Gasteizko Ekonomia eta Ogasun Departamenduko arduradunari.
Taxi elkarteen proposamena
2015ean taxi tarifak ez garestitzeko erabakia Buruntzaldetik dator. Usurbilgo Udala, Lasarte, Andoain, Urnieta eta Hernanikoa biltzen dituen batzorde bat bada, Bilgune horretan bertan, Gipuzkoa mailan dauden bi taxi elkarteen tarifa proposamenak jaso eta aztertu zituzten irailean. Bi bilguneek, datorren urterako tarifak bere horretan uztea, aurtengo kopuruetan mantentzea proposatzen zuten. Bost udal ordezkaritzek bat egin zuten bi taxi elkargoen eskaerarekin. Eta orain udal bakoitzak osoko bilkuretara eraman dituzte proposamenok. Esandakoa, Usurbilen behintzat, aho batez onartu du udalbatzak 2015erako taxi tarifetan igoerarik ez aplikatzea.
Honenbestez, honako hauek izango dira 2015ean aplikatuko diren taxi tarifak:
Tarifa 1 (lanegunetan, 7:00-22:00 artean):
Gutxiena: 5,12.
Egindako kilometroak: 1,0885.
Itxaro ordua: 20,8880.
Tarifa 2 (egunero, 22:00-07:00 artean; larunbat, igande, jai egun eta abenduaren 24 eta 31n, 7:00-22:00 artean ere bai)
Egindako kilometroak: 1,7436.
Itxaro ordua: 32,8274.
Gutxiena: 6,1028.