Donostiak bere gain hartuko du, Zubietako Eskola Txikiko handitze lanen gastua

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 1a, 14:02

Hezitzaile, guraso eta ikasleen aspaldiko eskaera itxura hartzen ari da pixkanaka. Zubietako Eskola Txikia handitzeko lanak martxan dira jada. 2015erako eraikin berri bat izango du ikastetxeak. Lan hauen harira, Usurbil eta Donostiako udalek lan gastuak erdibana, bakoitzak zorraren %50 ordainduko zuela adostua zuten hitzarmen batean. Ez ahaztu, Zubietan hainbat lekutan gertatzen den moduan, Eskola Txikiko lur eremuko zati bat, handiena (%86,4), Donostian kokatua baitago, gunearen %13,6a Usurbilgoa da.

Hitzarmen aldaketa
Aldaketarik ezean, bi udalek izenpeturiko hitzarmen hark indarrean jarraituko zuela hitz eman zuten bi aldeek. Hitzarmenak ere hala zioen; "hori hala izango da, bi udalok ez badute berariaz erabakitzen beste modu batean finantzatzea". Baina hala gertatu da. Zubietako Eskola Txikiko handitze obrak finantzatzeko modua dute. Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru-laguntzekin Donostiako Udalak ehuneko ehunean hartuko du bere gain, lan hauen gastua. Honenbestez, bi udalen arteko hitzarmena aldatu beharra ekarri du horrek. Atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran proposatu zen hitzarmen aldaketa. Aho bateko babesa izan zuen udal ordezkarien aldetik.