“Aurtengoan ere gonbidatu egiten zaituztegu zuen balkoiak eta zuen buruak urdinez janztera. Gure herriko arraunlari taldeari bultzada guztia emateko eta bandera etxean gera dadin”, animatzen dituzte herritarrak, Jai Batzordetik. Etxeetako balkoi eta leiho bat baino gehiago egoki atonduta izango dira honez gero. Antolatzaileak ere abiatzear diren jaietarako prest daude. “Agiñako gazteak kaskagorrak gara eta hainbat arazo bidean aurkitu arren, ez dugu etsitzen eta gogoz eta ilusioz antolatu ditugu aurtengoan ere herriko jaiak”, berri eman dute argitara emandako egitarauan.
Aginagarren bilgune izango dira San Praixkuak. Baina aurten ere bisitariak izango dituzte. Batetik, Bizkaiko lagun talde bat dator larunbat honetako herri afarira, abestera. Urriaren 11n ospatuko den Oilasko Biltzaileen Eguneko kalejira bestalde, zanpantzar talde batek girotuko du. Hitzordu hauetara eta gainerako ekitaldietara gerturatzeko gonbita luzatzen dute antolatzaileek: “Egin ditzagun guztion artean ahaztezinak aurtengo jaiak. Ospatu, gozatu eta parte hartu!”. Urteotan herri giroko jai herrikoiak mantentzen lagundu duten guztiei eskerrak heralazi nahi dizkiete Jai Batzordetik:
Kaixo agiñatarrok!
Hementxe ditugu urtero lez San Praixkuak atejoka eta aurtengoan ere guztiontzat izango da festa! Agiñako gazteak kaskagorrak gara eta hainbat arazo bidean aurkitu arren ez dugu etsitzen eta gogoz eta ilusioz antolatu ditugu aurtengoan ere herriko jaiak. Eskerrik asko bereziki, urtez urte laguntzen gaituzuen guztioi, zuen lanari eta parte-hartzeari esker dira San Praixkuak direna: herri giroko jai herrikoi ederrak!
Aurtengoan ere, gonbidatu egiten zaituztegu zuen balkoiak eta zuen buruak urdinez janztera. Gure herriko arraunlari taldeari bultzada guztia emateko eta bandera etxean gera dadin. Ea datorren urtean emakumeen taldea osatzea lortzen dugun!
Horrez gain, Bizkaiatik lagun talde bat datorkigu. Herri afarian izango ditugun kantari bikainak eta zanpantzar taldea oilasko biltzaileekin herrira joango dena herri eta jai giroa alaituz. Herri Afarian duela urte dexentetako jaietako argazki eta bideoen emanaldia izango dugu. Barre gustura egiteko parada izango da!
Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari begiak itxi gabe, atera diezaiegun zukua egun eder hauei, merezi du eta! Urte guztian pilatutako tentsioak putzutara botatzeko garai ederra. Beraz, egin ditzagun guztion artean ahaztezinak aurtengo jaiak. Ospatu, gozatu eta parte hartu!
HERRIAK EGINIKO JAIAK, HERRIARENAK BAITIRA!!
GORA SAN PRAIXKUAK!!
GORA AGIÑA ETA AGIÑATARRAK!!
Aginagako jai batzordea
Agiñako Gaztiak