Jai Batzordeak iragarri dituen ekitaldien artean, bapo jan ahal izango da, herri eta bertso-afari musikatu bana ospatuko baitira datozen San Praixkuotan. Herri afaria, San Praixku Egunez, urriaren 4an, larunbata, 21:00etatik aurrera frontoian. Bizkaiko lagunek eta Aginagako aurreko urteetako jaietako irudien proiekzioak girotuko duten otordua. Hitzordurako txartelak aurrez erosi beharko dira. Helduenak 20 eurotan eta haurrenak 12 eurotan egongo dira salgai, Aitzagan, eta Aginagako Arrate eta Sekañan.
Hiru guneotan eskuratu ahalko dira baita, urriaren 10ean, 21:00etatik aurrera Eliza Zaharrean ospatuko den bertso afari musikaturako txartelak. 15 eurotan jarriko dituzte salgai. Jon Martin, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa”, Alaia Martin eta Mantxi bertsolariek parte hartuko dute. Haritz Casabal arituko da gai jartzaile lanetan. Eta musikarien artean, Eneko Sierra, Ixak Arruti eta Gari Otamendi.