Kilometroak 15 antolatzeko lekuko hartzea, igandean Orion

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 3a, 09:10


"Orioko KMK14, urriaren 5 igandea, gainean dugu jada. Lan ederra egin dute Orioko kideek, urtean zehar eta igandean bertan burutu den eskaintzan islatzen den antzera. Gonbidapena luzatu digute Orioko lagunek, beraz, animatu bertaratu, gozatu eta bide batez, Orioko Herri Ikastolari babesa eta laguntza ematera. Udarregi Ikastolan ere, Erria Txikota!". Igandean Oriora hurbiltzeko gonbita Udarregi Ikastolatik. 

Badator Orioko Kilomeroak 2014, "eta gu ere bagoaz KMK 15 ekimena gorpuzten! Poliki-poliki KMK15 antolakuntzan murgiltzen hasiak gara, batzorde ezberdinak osatuz, urteko ekimenak zehaztuz eta beste hainbat urrats emanez", Usurbilgo antolakuntza taldetik berri eman dutenez. 

Ez ahaztu, urriaren 5ean Usurbilek eta Udarregi Ikastolak hartuko dute 2015eko Kilometroak antolatzeko lekukoa, Orioko ikastolan egingo den ekitaldi batean. "Une horretatik aurrera, Udarregi Ikastolara eta Usurbilera igaroko delarik KMK15 antolatzeko aukera ederra. A ze irrika duguna lekuko hori esku artean izateko!", Usurbilgo antolatzaileen esanetan.

Laguntza behar da
Urtebete barru, milaka euskaltzaleren topagunean bihurtuko den udalerri honetako prestaketa lanak hasiak dira aspaldi. Auzolana izango da antolatzaileen esanetan, datozen hileotan bideratu beharreko prestaketa lanen zutabe nagusia. Hainbat herritar animatu dira jada auzolanera. "Auzolan honen isla, orain arte KMK15en antolakuntzen islan laguntzeko izena eman duten guraso, ikasle, irakasle, herritar eta abarrak. Eskerrik asko eta biba zuek! Oraindik izena emateko aukera izan ez duzuenoi berriz, auzolan honetan parte hartzera bultzatu, bai zuei eta baita zuen ingurukoei ere", luzatu dute gonbita.

Kilometroak 15 antolatzeko hainbat lan talde osatu dira. Eta laguntza behar da. Une honetan, behar handienak arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan daude. Taldeotan eta gainerakoetan parte hartzeko deia luzatzen zaie usurbildarrei. Izen emate inprimakia, udarregi.com atarian eskura dezakezue. Argibide eta informazio gehiagorako, hona hemen Udarregi Ikastolako idazkaritzako telefono zenbakia: 943 36 12 16.

Lehen bilera irekiak
Kilometroak 15 ekimenari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, ekimena bera ezagutu, helburuak, funtzionamendua, urteko ekimenak, sortu diren batzordeen zeregina... Adi, lehen bilera irekiak deitu baitituzte urriaren 10 eta 11rako. Hauexek dira hain zuzen, Usurbilgo Kilometroak 15-i loturiko lehen deialdiak:

Urriak 5, igandea
12:00
 Orioko Kilometroak egunez, Usurbil eta Udarregi Ikastolaren lekuko hartzea, Orioko ikastolan burutuko den ekitaldian.

Urriak 10, ostirala
19:00
 Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.

Urriak 11, larunbata
11:30
 Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.