Xabier Olano, hurrengo Ahaldun Nagusi izateko EH Bilduren hautagaia

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 4a, 19:53


Urteetan Usurbilgo Udaleko teknikari izandakoa hautatu du EH Bilduk, datorren maiatzean ospatuko diren udal eta foru hauteskundeetako ahaldun nagusi izateko hautagai gisa. Urteetan Usurbilgo Udalean aritu zen lanean Olano, kontu-hartzaile lanetan. Gerora San Marko Mankomunitatean ere aritu da. Egun, Foru Aldundian zebilen lanean. Gipuzkoako Ogasuneko zuzendaria zen, enpresa zientzietan lizentziatua den 55 urteko altzotarra. 

Lehen adierazpenak
Gaur arratsaldean aurkeztu du Xabier Olanoren hautagaitza EH Bilduk, Donostiako Aquariumean egin duen ekitaldian. Bertan zen, besteak beste, Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpurua. Eta baita noski, egungo Ahaldun Nagusia, Martin Garitano. EH Bilduren hautagai gisa egin dituen lehen adierazpenetan, beregan jarritako konfiantza eskertu du Olanok, eta ardura berriari heltzeko prest agertu da. Krisiak baldintzatu duen legegintzaldi honetan, koalizioak garatu dituen politika sozialak nabarmendu ditu Olanok. Hainbat alorretan eman diren pausoetan sakontzen jarraitzeko asmoa agertu du. 2011n bezala, herritarren laguntzarekin 2015eko hauteskundeak ere irabaziko dituztela adierazi du Olanok.