Orion jasotako lekukoa herriari eskainiko zaio, urriaren 17an

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 6a, 09:50


Usurbilen izenean emozio eta ilusio handiz jaso zuten atzo Kilometroak 2015 antolatzeko lekukoa, Xabier Alustiza eta Mariaje Imaz, Udarregi Ikastolako lehendakari eta zuzendariak hurrenez hurren, eta Mertxe Aizpurua alkateak.

Ondoko irudiko lekukoa, herriari eskainiko zaio orain, ekitaldi berezi baten bidez. Urriaren 17an izango da, ostiralez, arratsaldeko 19:30etan Mikel Laboa plazan. "Bertan, Ikastolak jasotako lekukoa herriari eskaini nahi zaio, izan ere, Udarregi Ikastola herritik herriarentzat eraikia izan baita, lehen, orain eta gero. Hau da, Udarregi Ikastola hasieratik gaurdaino herriak sortua eta elikatua, eta herriarena izan da", Kilometroak 2015etik adierazi dutenez. 

Urriaren 17an beraz, gerturatu 19:30etan Mikel Laboa plazara eta hasi Kilometroak 2015-erako girotzen.

Usurbil, hedabideetan
Atzo Orion ospaturiko Kilometroak jaia astelehen honetako egunkarien azaletan; ikastolen aldeko festako irudi eta kronikak. Eta ezinbestean, Usurbilen aipamena. Kilometroak 2015 antolatzeko lekukoa hartu baitzuen atzo Usurbilek eta Udarregi Ikastolak.