Udarregi Ikastolako datozen auzolan deialdien inguruko bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 8a, 08:30


Bilera asteazken arratsalde honetan, urriaren 8an, 16:45etan hasita HH4ko gelan. Dakizuenez proiektu pedagogiko berria martxan jarri du Udarregi Ikastolak Haur Hezkuntzan, abian dugun 2014-15 ikasturte honetan. Eraikin berria zabaltzearekin batera, Agerialdeko hainbat espazio birmoldatu dituzte. Lanak amaitzeke dituzte ordea eta horretarako laguntza behar dute. "4 eta 5 urteko geletako egiturak egiteko garaia iritsi zaigu eta ezinbestekoa izango zaigu zuen laguntza", adierazi dute ikastolatik. Gai honi buruzko behar beste argibide jasotzeko antolatu dute asteazken honetako bilera.

Elkartasun kanpaina
SOS Afrika Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu duen elkartasun kanpainarekin bat egin du Udarregi Ikastolak. Afrikara arropa eta oinetakoak bidaltzeko ekimena abiatu dute. "Udarregi Ikastolak elkartasunezko ekintza hau bere gain hartu duenez, zuek ere kanpaina honetan parte har dezazuen eskatzen dizue", ikastolatik udarregi.com web orri bidez aditzera eman dutenez. Material bilketa Udarregi Ikastolako erdiko aretoan egingo da, urriaren 14ra arte.


Hitz Ahoren ikastaroa
Familia anitzen inguruko ikastaroa antolatu du Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak. Edozein familia mota baliagarria al da gure seme-alabei laguntzeko? Zeintzuk dira gako nagusiak? Eta nola landu? Zer da galera eta dolua? Nola hasi bideratzen gure seme-alabengan? Besteren artean, galdera hauei erantzuten saiatuko dira LH 5-6 eta DBHko ikasleen gurasoei zuzenduak egongo diren lan saioetan. Zehaztasun gehiago segidan:

Hizlaria: Joxe Amiama, psikopedagogoa.
Saioen egutegia: urriak 29, azaroak 5,12,19.
Ordutegia: 17:00-18:30,
Tokia: Udarregi Ikastola.
Nori zuzendua: LH 5-6 eta DBHko ikasleen familiei.
Izen emateko epea: urriaren 13tik 24ra.
Kontu korronte zenbakia: 3035 0140 331400024098.
Kuota: 15 euro.
E-posta helbidea: hitzaho@udarregi.com
Oharra: izen emateko orduan, seme-alaben izen abizenak eta ikastolan dauden maila zehaztu.