Negua, hotza... Gripea izateko garaia bidean dator. Sarritan, gaixotu baino lehen neurriak hartzea komenigarria izanik, beste urte batez martxan da azaroaren 30era arte luzatuko den gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Deialdia gehienbat adineko herritarrei zuzendua dago, baita eurekin lan egiten duten profesionalei ere. "Bereziki 65 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago, baina baita adinez gazteago izan arren gaixotasun kronikoak dituztenei, edota beren lanbideagatik arrisku-taldeko pertsonen kutsatzaile izan daitezkeenei ere. Aipaturiko azken giza-taldeen artean sartzen da hirugarren adineko egoitzetako, geriatrikoetako, eguneko zentroetako eta abarretako pertsonala, bai eta etxez-etxeko laguntzarako zein zerbitzu sozialetako pertsonala ere", ohartarazi dute Osakidetzatik.
Halako kanpainek dituzten onurak nabarmentzen ditu Osakidetzak. "Ulertuko duzunez, Gripearen Aurkako Kanpaina ahalegin garrantzitsua da, bai instituzioentzat, bai kanpaina aurrera eramaten duten osasun-taldeentzat. Eta egiten ditugun kanpainetan estaldura-tasa onak lortzen baditugu ere, tasa horiek hobetzen ahalegintzen gara, guztiz onuragarria baita hiritarrentzat orokorrean, eta batez ere txertaketaren jomuga diren pertsonentzat. Are gehiago gaur egungoa bezalako unean, non, dakizunez, egoera epidemiologikoa nahasia den", diote Osakidetzatik.
Anbulatorioko telefono zenbakiak: 943 36 15 43 / 943 36 20 13.