Uda honetan ezagun egin da kanpaina. Zenbat jende ikusi ote dugu baldeka ura burutik behera bota eta diru ekarpen bat egitea segidan, ELA gaixotasuna dutenen alde. Bertako zein urrutiko herritarrak, ezagun eta ezezagunak inplikatu dira ekimenean. Kanpaina Usurbila heldu da orain, Lizasotarren eskutik. Udala izango da bustiko den hurrengoa. “Usurbilgo Udaleko zinegotziok kanpainarekin bat egin eta baldekada bat ur hotzez bustiko gara. Herritarrak ere gonbidatzen ditugu gurekin batera busti nahi badute bustitzera”, adierazi dute.
Hitzordua, urriaren 14an, arratsaldeko 18:30etan udaletxe aurreko plazan. Udal ordezkariak busti bakarrik ez noski, garrantzitsuena dena, ekarpen ekonomikoa egingo dute; 500 euroko ekarpena Usurbilgo Udalaren izenean, eta hogeina euro zinegotzi bakoitzak. Zuek ere busti edo ez busti, diruz lagundu dezakezue elkartasun kanpaina. Urriaren 14an udaletxe aurrean egingo den ekitaldian, dirua biltzeko kutxa bat jarriko da. Jasotako laguntza, ELA gaixotasuna dutenen alde, ikerketara bideratuko da. Ekarpenak honako kontu zenbakian egin behar dira: AdELA Eskal Herria: ES74 3035 0060 44 0600080648 (Laboral Kutxa). Informazio gehiago: adelaeuskalherria.com