Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren harira antolaturiko parte hartze prozesua erdibidera heldu da. Amaitu dira auzokako bilerak, hasi berriak gaikako lan saioak. Prozesuak orain arte emandakoarekin gustura da Udala. Bilera oparoak izan direla dio Mertxe Aizpurua alkateak. Denok dugunez zer esana, herritarrak datozen lan saioetan parte hartzera animatzen ditu.
Udalaren aurreikuspenak bete dira?
Mertxe Aizpurua: Egia esan, ez genekien zer emango zuen prozesu honen lehen faseak. Baina baikor gaude gu eta oso modu positiboan baloratzen dugu. Batek baino gehiagok pentsa dezake hau ez dela beretzako gaia. Gu saiatu gara auzoz auzo egin ditugun bilera hauetan adierazten, denek dugula zerbait esateko, iritzi denak direla kontuan hartzekoak. Alde horretatik oso oparoak izan dira bilerak. Auzo bakoitzean bi saio egin ditugu. Buelta hori amaitu dugu eta orain arloz arlo hasiko gara. Toki batzuetan parte hartze handia izan da. Aginagan, saio oso biziak gainera. Besteetan parte hartzea txikiagoa izan da, baina era berean saio oso emankorrak izan dira eta edukiz beterikoak. Ideia politak eta oso zentzudunak atera dira. Kezkak ere ondo etorri zaizkigu, geroari buruz herriak zer nahi duen jakiteko.
Herritarrak nola ikusi dituzue, parte hartzeko gogoz?
Proposamenak egiteko gaitasunarekin eta jarrerarekin. Oso jarrera baikorrean aurkitu ditugu. Saio bakoitzetik oso pozik atera gara. Gaztelerazko bi saio izan dira baita, baina oso jende gutxik parte hartu du. Parte hartu zutenak ordea, benetan inplikatu ziren eta gauza asko jaso genituen hortik. Horrek guztiak emango du bere emaitza. Parte hartzeari buruz, gazte eta haurrekin saioak egin dira, kontuan hartzekoak. Batzuetan iruditzen zaigu haurrek egingo dituzten planteamenduak, errealitateari gehiegi lotu gabekoak izango direla. Baina ez da horrela, onerako harritu gaitu. Oso planteamendu onak, batzuk oso zentzudunak direnak egin dituzte. Ikastolan ere oso pozik geratu dira. Horrek ere nolabait jartzen ditu haur eta gazteak herriaren geroari begira, eta hori ariketa oso garrantzitsua da, herria beraiena sentitu dezaten eta beraiek ere sentitu dezaten zerbait esateko gai direla eta beren parte hartzea ere kontuan hartzen dela.
Jaso dituzuen proposamenetatik, zer nolako etorkizuneko Usurbil nahi dute herritarrek?
Orokorrean esan genezake, herri neurtu bat nahi dutela. Garapen neurtua izatea. Hazkuntzaren aldetik ere neurtua izatea. Baliabide naturalak mantentzearen aldeko nahia dago eta kontuz ibili behar den gai bat dela ikusi dugu. Etxebizitzaren aldetik beharretara mugatzea da, askotan atera den planteamendu bat. Ibaiarekiko lotura edo lotu behar garela ere atera da.
Ekarpen horiek zer bide izango dute?
Proposamen guztiok biltzen ari gara. Web gunean ere ikusgai daude zer ekarpen dauden. Horiek aztertuko dira teknikoki udaletxean dauden sail ezberdinetan. Behin hori aztertuta, berriro bueltatuko gara. Aurrerapen dokumenturako gure proposamena zein izango den aurkeztuko dugu eta orduan berriro ere eztabaidatzeko edo iritziak jasotzeko aukera egongo da.
Bileretan jaso duzuenagatik, herritarrak gaiak duen garrantziaz jabetu dira?
Denetara 188 lagunek parte hartu dute, kopuru handia da Usurbil baterako. Bai nabaritu dugula, adin tarte bati sortu diola interesa edo eragin diola deialdiak. Gazteek eta 65 urtetik gorako herritarrek ez dute gehiegi parte hartu. Bi adin tarte hauetan dugu nolabaiteko hutsune bat. Bai batzuk eta besteek zer esateko asko dute halere. Udalari ere inporta zaio eurek esaten dutena. Gazteena, gerora beraiek izango dutelako orain diseinatzen ari garen herria. Eta helduek diotena baita ere, mugikortasun edo ekipamenduen gaietan beren iritzia kontuan hartzekoa da. Beraiek ezagutzen dute beste askok baino hobeto herria, eta ikuspegi orokor hori ere haiek dute. Ia animatzen diren, denontzako dago eta tokia. Garrantzitsua da ere euren ahotsa.
Zer nola parte hartu dezakete herritarrek?
Udalak informazioa ematen du, informazio horren gain bakoitzak bere iritzia ematen du. Aparkalekuez, bidegorriaz, mugikortasunaz, komertzioa sustatzeaz, eguneroko bizimoduaz ari gara. Hori da gero bileretan talde lanean egiten dena. Ez da beharrezkoa ekarpenak egitea, bakoitzak emango du emango duena. Interesgarria da jakitea, entzutea, informatzea eta iritzia ematea. Eta iritzia edonork dauka edozer gauzari buruz eta batez ere herriari lotutako gauza bat baldin bada. Animatu parte hartzera, ez baita adituen planteamendu bat, ez da jakinduria berezia izan behar.
Orain da momentua?
Orain da momentua, honek baldintzatuko baitu gure herriaren etorkizuna. Hemendik 20 urtera ikusiko dugun Usurbil hori, orain gauzatzen hasiko gara. Garrantzia du jakitea zer nolako Usurbil nahi dugun, eta horren haritik bitartekoak jartzea.
Datozen bileren hitzorduak
Urriak 8/15: Ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegiturak.
Urriak 9/16: Lurralde antolaketa.
Urriak 13: Jarduera ekonomikoak, komertzioa eta nekazaritza.
Bileren hitzorduak: bilera guztiak, 19:00etatik aurrera Potxoenean.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Informazio gehiago: usurbilorainadageroa.com