Usurbilek du jada Kilometroak 15 antolatzeko lekukoa. Antolakuntza martxan da. Hainbat lan talde osatu dira, eta laguntza behar da. Une honetan, behar handienak arropa salmenta eta ekonomia batzordeetan daude. Taldeotan eta gainerakoetan parte hartzeko deia luzatzen zaie usurbildarrei. Izen emate inprimakia, udarregi.com atarian eskura dezakezue. Argibide eta informazio gehiagorako, hona hemen Udarregi Ikastolako idazkaritzako telefono zenbakia: 943 36 12 16.
Auzolana izango da antolatzaileen esanetan, datozen hileotan bideratu beharreko prestaketa lanen zutabe nagusia. Hainbat herritar animatu dira jada auzolanera. "Auzolan honen isla, orain arte KMK15en antolakuntzen islan laguntzeko izena eman duten guraso, ikasle, irakasle, herritar eta abarrak. Eskerrik asko eta biba zuek! Oraindik izena emateko aukera izan ez duzuenoi berriz, auzolan honetan parte hartzera bultzatu, bai zuei eta baita zuen ingurukoei ere", luzatu dute gonbita.
Lehen bilerak asteburuan
Kilometroak 15 ekimenari buruzko informazio gehiago nahi baduzue, ekimena bera ezagutu, helburuak, funtzionamendua, urteko ekimenak, sortu diren batzordeen zeregina... Adi, lehen bilera irekiak deitu baitituzte aste honetarako; urriaren 10 eta 11rako. Hauexek dira hain zuzen, Usurbilgo Kilometroak 15-i loturiko lehen deialdiak:
Urriak 10, ostirala
19:00 Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.
Urriak 11, larunbata
11:30 Kilometroak 15 Usurbilen: bilera informatiboa Potxoenean.