Buruntzaldearako proposatzen duen garapen agentzia aurkeztu du EAJ-PNVk

Noaua Aldizkaria 2014ko urr. 9a, 13:10


Publikoa, gardena eta kalitatezkoa izango den garapen agentzia nahi du EAJ-PNVk Buruntzaldearako. Horren aldeko apustua egiten dute jeltzaleek. Ostegun honetan, Lasarte-Oriako Villa Mirentxun aurkeztu dituzte hilabeteetan lantzen aritu diren garapen agentzia honen ardatz nagusiak. Ekitaldian parte hartu dute bailarako EAJ-PNVko udal ordezkariek; Usurbilgo zinegotzi Josune Urkolak tartean. Eta berarekin batera, Lasarte-Oriako bozeramaile jeltzale den Estitxu Alkortak, Urnietako alkate Mikel Pagolak; EAJren Hernaniko bozeramaile Andoni Amonarraizek; Andoaingoak, Mari Jose Izagirrek; eta Astigarragakoak, Zorione Etxezarragak.

Ekonomiaren suspertzea, enpleguaren sustapena eta turismoa dira, EAJ-PNVk Buruntzaldearako proposatzen duen garapen agentziak izango lituzkeen lan esparru nagusiak. Enplegua sortzeko, enpresen arteko itunak sustatu nahi dituzte, eskualdeko langile eta produktuak merkaturatzen ahalegintzearekin batera. Udaletan hautaturiko Gobernu Batzordea, presidentea eta gerentea izango lituzke agentziak. Eragile politiko guztien parte hartzea bermatu nahi dute eta "planteamendu baztertzaileak" saihestu. 

Garapen agentzia bailarako sei udalerrientzat onuragarri suertatuko dela gaineratu dute, eta hartara, euren esanetan, eskualde mailako egitura gabeziari erantzungo zaio. Argitu dutenez ordea, ez dute egitasmoa presaka martxan jartzerik nahi. Pausoka, eta ahalik eta adostasun maila handiena bilatuz sustatu nahi dute. “Helburua argia da: Buruntzaldeak kalitatezko garapen agentzia behar du. Baina, behar horrek ezin gaitu gauzak korrika eta presaka egitera bultzatu. Adostasunetik abiatuta, EAJ-PNVk ahalik eta agentzia onena sortzeko helburuarekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du”, adierazi dute agerraldian.

Presarik gabe eta zuhurtziaz jokatu nahi dutela diote jeltzaleek. Zenbait kontu zehazteke dituztela adierazi dute. Ezinbestekotzat jotzen dute, agentzia berme juridiko eta tekniko guztiekin sortzea. Horretarako, bailarako azterketa sakona eta sei udaletako kontu hartzaileen eta idazkarien aldeko txostenak izatea proposatuko dute.